Eskola Kiroleko Harmailetan Errespetua Sustatzeko Protokoloa

25-26 ikasturte honetan, Arabako eskola-kiroleko eragileen zenbait ekarpen jaso ondoren, "Eskola-kiroleko harmailetan errespetua sustatzeko protokoloa", kanpainaren elementu nagusia, eguneratu da. Hauek dira berritasun nagusiak:

  • Federazioak izendatutako arbitroek federazioko janzkera eramatea ahalbidetzen da, errespetuaren aldeko mezuak dituzten petoen ordez (gainerakoek, nahitaez, eraman behar dituzte petoak).
  • Eskola-kiroleko jardueretan sartzeko eta egoteko arauak (foru-agindu berrian onartu direnak) erraz irakurtzeko moduan agertu beharko dira partidak edo probak egiten diren kirol-esparruan. * Aldundiak dagozkion arauak dituzten kartelak banatuko ditu ikasturtean zehar.
  • Sartzeko eta egoteko arau horiek onartu eta gero, epaileak kirol-esparrutik kanporatu ahal izango du istiluak edo errespetu-faltak eragiten dituen pertsona (aurreko ikasturtera arte, arbitroak instalazioa uztera baino ezin zuen gonbidatu, kanporatzeko ahalmenik izan gabe).
    • Etxeko taldearen erakundea, etxeko eta kanpoko taldeak dauden partidetan, eta proba antolatzen duen erakundea, etxeko talderik ez dagoen lehiaketetan, behartuta egongo dira arau horiek betetzen ez dituztenei sarrera eta egonaldia galaraztera.
    • Halaber, kirol-instalazioen titulartasuna duenak ere izango du ahalmen hori.
  • Entrenatzaileak edo, hala badagokio, familien ordezkariak, arbitroaren ohartarazpena helarazi beharko dio, nahitaez, gorabehera eragin duen pertsonari. Bestela, partida bertan behera utzi ahal izango da.

Protokolo hori Arabako federazioen bidez antolatutako taldeko kirolen eskola-lehiaketa guztietan aplikatu behar da, bai eta banakako edo aurkako kirol-modalitate guztietan ere, baldin eta eskola-lehiaketari buruzko araudi espezifikoan sartuta badaude (jatorrizko egoeran edo modalitateen berezko ezaugarrietara egokituta). Zehazki, honako hauetan aplikatuko da: saskibaloia, futbola, eskubaloia, boleibola, hockeya, xakea, txirrindularitza, badmintona, karatea, euskal pilota, eta triatloia.

Gainerako kirol-modalitateetan, dela jenderik ez dagoelako, dela gorabeherarik ez dagoelako, ez da protokoloa bere araudi espezifikoetan sartu, eta, beraz, ez da aplikatu beharko.

 

Harmailetako protokoloaren bideoa

Eskola-kiroleko harmailetan errespetua sustatzeko protokoloaren betebeharretako bat da erakundeek protokoloa bera ezagutaraztea erakundea osatzen duten pertsona guztiei, familiei barne, eta etxeko gisa jarduten duten partidetarako izendatzen dituzten arbitroei.

Betebehar hori errazteko, Arabako Foru Aldundiak bideo bat sortu du protokoloaren funtzionamendua modu bisual eta errazean azaltzeko.

Bideoak bi bertsio ditu. Bata, eskola-kiroleko lehiaketetara joan ohi diren familiei eta gainerako ikusleei zuzendua, eta bestea, epaileei zuzendua.
 

Familientzako bideoa

Arbitroentzako bideoa