Informazio orokorra eta araudia
Informazio orokorra eta araudia
INFORMAZO OROKORRA
Eskola-kirola derrigorrezko eskolatze-aldian eskola-umeek eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol-jarduera antolatua da.
Eskola kiroltzat honako jarduera hauek jotzen dira: nahitaezko eskolatzealdian zehar ikasleek eskola orduetatik kanpo egiten dituzten kirol jarduerak.
Eskola Kirolaren helburu nagusia kiroletan diharduen haurraren hezkuntza garapena osatzea eta, horrekin batera, kirolari bakoitzaren beharrizan indibidualak betetzea izango da. Ondoko hauek izango ditu jomuga:
-
Mutikoen eta neskatoen hezkuntza integrala, horiek berdintasun baldintzetan sarbidea izan eta parte hartzea bermatuz, sexuarekin loturiko estereotipo eta roletatik at.
-
Haien nortasunaren garapen orekatua.
-
Geroagoko adinetan kiroletan aritzen jarraitzeko bide ematen duten baldintza fisikoak eta kirol ohiturak sortzea, eta bizimodu osasungarria eramateko bide ematen duten kirol praktikak sustatzea.
Eskola-adineko jarduera fisikoa eta kirola, ahal dela, kirol anitzekoa izan behar da, eta ez soilik lehiaketara bideratua, ikasle guztiek jarduera fisikoa eta kirola beren borondatearen, gaitasun fisikoaren eta adinaren arabera ezagutu eta egin dezaten bermatzeko.
ARAUDIA
Araban egiten den eskola-kirola hainbat arauk arautzen dute.
2/2023 Legeak, martxoaren 30ekoa, Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolarena, VII. Tituluko I. Kapituluan ezartzen ditu eskola-adineko jarduera fisikoari eta kirolari buruzko arauak.
Eusko Jaurlaritzak, arlo horretan dituen eskumenekin bat etorriz, eskola kiroleko araudia garatu zuen Eskola Kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuaren bidez. Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan eskola-kirolaren eredua hiru lurralde historikoetan modu homogeneoan ezartzea ahalbidetuko duten oinarrizko arauak ezartzea, nahiz eta, era berean, aukera ematen duen horietako bakoitzaren ezaugarri soziodemografiko eta geografikoetara egokitzeko.
Bi arauek ezartzen zuten lurralde historikoetako foru-organoek eskumena zutela eskola-kiroleko urteko programak egin, onartu eta gauzatzeko, bai eta foru-programetan sartuta ez dauden jarduerak baimentzeko ere. Ondorioz, Arabako Batzar Nagusiek 21/2020 Foru Araua onartu zuten, urriaren 28koa, Arabako Lurralde Historikoko Eskola Kirolarena, zeinaren bidez, besteak beste, gaitzen baitzen Arabako Foru Aldundian kirol-arloko eskumena duen saileko titularra, eskola-kiroleko programak garatzeko eta gauzatzeko behar ziren xedapen guztiak eman zitzan.
Hala, 21/2020 Foru Araua gaitu ondoren, Kultura eta Kiroleko diputatuaren otsailaren 19ko 50/2021 Foru Aginduak (gerora apirilaren 11ko 90/2022 Foru Agindua aldatu zuena), Arabako Lurralde Historikoko eskola-kiroleko programen arau orokorrak ezarri zituen, eta legeria autonomikoa foru-berezitasunera egokitu zuen.
Azkenik, urtero, dagokion ikasturteko eskola-kirolaren programa onesten da foru-agindu bidez. Programa horretan, goragoko mailako arauen elementu orokorrak aldatu gabe, kanpaina horren berezitasunak jasotzen dira (kategorien urteak, programaren eta jardueren hasiera- eta amaiera-datak, etab.).
Era berean, Araban egiten den eskola-kirola beste bi arauk lotzen dute. Alde batetik, 391/2013 Dekretua, uztailaren 23koa, eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubideari buruzkoa, autonomia-erkidego mailakoa, eta eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubidearen oinarri eta printzipio orokorrak arautzea helburu duena; eta, bestetik, 320/2021 Foru Agindua, azaroaren 18koa, foru-izaerakoa, Arabako Lurralde Historikoan eskola-kirolaren ikuskaritza arautzen duen araudia ezartzen duena.
Araudia
Arabako Foru Aldundiak 2023ko martxoaren 1ean ikuskapenen inguruan egindako saio informatiboan erabilitako aurkezpena.