Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko egitasmoa

Haur edo nerabe batek garapen osoa izan dezan maila fisiko, psikologiko eta emozionalean, ezinbestekoa da babes-inguruetan haztea. Izan ere, segurtasunik gabe eta beldurrez bizi izan diren esperientzia errepikatuek, eta bereziki bortitzek, oso ondorio kaltegarriak izaten dituzte haien garapenean.

Hori lortzeko helburuarekin estatu mailan onartu zen 8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoa.

 

1.1. Legearen xedea

Legearen xedea da haurrek eta nerabeek edozein indarkeria-motaren aurrean duten osotasun fisiko, psikiko, psikologiko eta moralerako oinarrizko eskubideak bermatzea, haien nortasunaren garapen askea ziurtatuz eta babes integraleko neurriak ezarriz, barnean hartuta sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzio goiztiarra, babesa eta kaltearen konponketa bizitzaren eremu guztietan.

Kirol esparruan legearen helburuak dira: adingabeen aurkako indarkeria-egoerak prebenitzea, garaiz detektatzea eta horietan esku hartzea.

 

1.2. Zer da indarkeria?

Legeak berak ematen du indarkeriaren definizioa: adingabekoei beren eskubideak eta ongizatea kentzen dizkien ekintza, ez-egite edo tratu arduragabe oro, baldin eta haien garapen fisiko, psikiko edo sozial ordenatua mehatxatzen edo oztopatzen badu, edozein dela ere egiteko modua eta bitartekoa, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindakoa barne, bereziki indarkeria digitala.

Nolanahi ere, indarkeriatzat hartuko dira: tratu txar fisiko, psikologiko edo emozionala; zigor fisikoak, umiliagarriak edo iraingarriak; arduragabekeria edo tratu arduragabea; mehatxuak, irainak eta kalumniak; esplotazioa (sexu-indarkeria barne); ustelkeria; haur-pornografia; prostituzioa; eskola-jazarpena; sexu-jazarpena; ziberjazarpena; genero-indarkeria; genitalen mutilazioa; gizakien salerosketa edozein helbururekin; ezkontza behartua; haurren ezkontza; pornografia adingabearen eskura jartzea hark eskatu gabe; sexu-estortsioa; datu pribatuen hedapen publikoa; eta familiaren esparruan indarkeriazko edozein portaera izatea.

 

1.3. Zer da tratu ona?

Tratu ona ere bada legeak definitzen duen kontzeptua: haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideak errespetatuz, printzipio hauek modu aktiboan sustatzen dituena: elkarrekiko errespetua, gizakiaren duintasuna, bizikidetza demokratikoa, gatazken konponbide baketsua, legearen babes bera izateko eskubidea, aukera-berdintasuna, eta haurren eta nerabeen diskriminazio-debekua.

 

1.4. Zeintzuk dira kirolean kontutan hartu beharrekoak?

Aldez aurretik aipatu moduan, legeak esparru guztietan da aplikagarria, baina Kirol eta Aisia berariaz lantzen dira IX kapituluan, 47. eta 48. artikuluetan, hain zuzen ere. Bertan adingabeekin kirol-jarduerak egiten dituzten administrazio eta erakundeen betebeharrak ezartzen ditu.

 

1.5. Zeintzuk dira administrazio publikoen betebeharra?

  1. Protokoloak arautzea ingurune segurua eraikitzeko, eta, zehazki, kirolaren eremuan haurren eta nerabeen aurkako indarkeria-egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horietan esku hartzeko. Protokolo horiek kirol-jarduerak ohikotasunez egiten dituzten zentro guztietan aplikatu beharko dira, titulartasuna edozein dela ere, eta, betiere, Errendimendu Handiko eta Kirol Teknifikazio Zentroen Sarean, Kirol Federazioetan eta Udal Eskoletan (47. artikulua).

  2. Haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideei buruzko prestakuntza sustatzea eta bermatzea adingabeekin harremanak izan ohi dituzten pertsonei.

  3. Indarkeria-egoerak bideratzeko zerbitzua eta aholkularitza.

 

1.6. Zer betebehar dituzte normalean adingabeekin kirol- edo aisialdi-jarduerak egiten dituzten erakundeek? (48. artikulua)

  • Betebehar hauek dituzte normalean adingabeekin kirol jarduerak egiten dituzten erakundeek:
    • Aurreko artikuluan aipatzen diren jarduera-protokoloak, administrazio publikoek kirolaren eta aisialdiaren esparruan hartzen dituztenak, aplikatzea.
    • Monitorizazio-sistema bat ezartzea, aurreko protokoloak betetzen direla bermatzeko, adingabeen babesari dagokionez.
    • Babes-ordezkaria izendatzea, hartara adingabeak beren kezkak adieraztera joan daitezke harengana eta hura arduratuko da ezarritako protokoloak zabaltzeaz eta betetzeaz.
    • Beharrezkoak diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisiko, kultura eta aisialdian diskriminazio-egoerak eman ez daitezen arraza, desgaitasun, sexu-joera, sexu-identitate edo genero-adierazpenagatik edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik, haurrekin eta nerabeekin beraiekin nahiz haien familia eta profesionalekin lan eginez irain eta adierazpen iraingarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.
    • Haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatzea.
    • Kirol-erakundeen eta gurasoen edo tutoretza, zaintza edo harrerako eginkizunak betetzen dituztenen arteko harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea.
  • Era berean, 5. artikuluan aipatzen den prestakuntzaz gain (Haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideei buruzko prestakuntza espezializatua), erakunde horietan lan egiten dutenek prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasun eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haur eta nerabe horien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeko.

Alde batetik, Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako kirol teknikari talde bat, eta bestetik, haur eta bortizkerian aditu talde bat (EHU-UPV, Educo, Unicef eta Athleticen Aterpe programa) urtebete darama gaian lanean. Aditu batzorde hori ari da Euskadiko kirolean plan hau txertatzeko era garatzen eta legeak derrigorrez ezarriko dituen betekizunak aztertzen eta kirolaren ekosistemari ahalik eta ulergarrien helarazten.

Aurreko atalean aipatutakoaren harira bi dokumentu osatu eta eskuragarri jarri dira. Alde batetik, Kirol erakundeentzako tresna kutxa dago eta bestetik berezko protokoloa osatu nahi duten erakundeentzako protokolo eredu bat.

Lege hori betetzeko, administraziook bi online prestakuntza programatu ditugu Eusko Jaurlaritzaren Kirol Eskolaren bidez:

  • Lehenengoa, oinarrizkoa, sentsibilizazioari buruzkoa eta kirol-erakundeei zuzenduta, adingabekoekin harremana duten guztiek egitekoa. Ikastaroa: “Adingabeak kirolean zaintzeko eta babesteko sentsibilizazioa
     

  • Bigarrena, adingabea babesteko protokoloari buruzkoa, erakunde bakoitzean adingabearen babeserako ordezkari izendatuko diren pertsonentzat. Ikastaro hau egiteko lehenengo gaindituta izan behar da. Ikastaroa: “Adingabeak babesteko protokoloaren erabilera kirol-inguruneetan.”

Bi ikastaroak eskola kiroleko programan izena emateko derrigorrezkoak izango dira, bakoitzak egiten duen lanaren arabera. Informazio gehiago eta izena emateko aukera esteka honetan:

 

Informazio gehiago
 

Betebehar berri hauetara egokitzeko prozesuan laguntzeko Arabako Foru Aldundiaren Kirola Zerbitzuarekin harremanetan jar zaitezke. Ondoren lagungarri izan daitezkeen beste baliabide batzuk:

Sare sozialak