Kirol aniztasunaren aldeko kanpaina

 



 

 
 

Kirol gehiago gaur, kirol-praktika gehiago bihar

Arabako Foru Aldundiak gida hau bultzatzen du eskola-kirolaren eredu bat sustatzeko, haur eta nerabeen garapen integralera bideratua.

Ebidentzia zientifikoaren eta indarrean dagoen kirol-araudian ezarritakoaren ildotik, Arabako Foru Aldundiak kiroltasunaren aldeko apustua egin du adin goiztiarretako ikuspegi egokiena delakoan, espezializazio goiztiarraren aurrean. Eredu horrek garapen fisiko, emozional eta sozial orekatuagoa bultzatzen du, kirol-esperientzia positiboagoa izaten laguntzen du eta etorkizunean jarduera fisikoa egiteko atxikimendua areagotzen du.

Helburu horrekin, gida hau egin da, eskola-kirolean inplikatutako eragileei zuzendutako beste dokumentu espezifiko batzuekin batera. Horietan modu praktikoan azaltzen da zer den kiroltasuna, zergatik den gomendagarria lehentasuna ematea eta nola aplika daitekeen lurraldeko hezkuntzaren eta kirolaren esparruan. Era berean, familientzako, ikastetxeentzako, klubentzako, federazioentzako eta udalentzako orientabide zehatzak jasotzen dira, baita Arabako Foru Aldundia eredu hori bultzatzeko eta sendotzeko garatzen ari den ekimenak ere.