Izen-emateak formalizatzeko jarraibideak - Araudia - araba
- Kirola
- Eskola kirola
- 2025-2026 programa eta izen emateak
- Izen-emateak formalizatzeko jarraibideak
- Izen-emateak formalizatzeko jarraibideak - Araudia

Programaren berrikuntzak
Izen-emateak formalizatzeko jarraibideak - Araudia
47. artikulua. Eskola kirolariek adinez dagokienaren goragoko hurrengo kategorian parte hartze
1. Ikasleek adinaren arabera dagokiena baino maila bat goragoko kategorian parte hartu ahal izango dute, baldintza hauek betez gero:
- a) Norberaren kategoriako urteetako azkenekoan jaiotakoa izatea.
- b) Talde modalitateen edo diziplinen kasuan, kategoria txikiagoko pertsona inskribatuen kopurua ez izatea taldeko kideen ehuneko berrogeita hamar baino handiagoa.
- c) Banakako edo arerioko modalitate edo diziplinen kasuan, erakunde laguntzaileak egiaztatu behar ditu kategoria igoera iradokitzen duten kirol gaitasun bereziak.
- d) Kirolariari adinaren arabera dagokion kategoriako eskaintza egon behar da urteko programan.
- e) Adinez dagokiona baino goragoko kategorian parte hartzeko adingabearen legezko arduradunaren baimen idatzia izatea, jardun horrek berekin dakartzan arriskuen erantzukizuna bere gain hartuz.
2. Kirol arloan eskumena duen sailaren titularrak, salbuespen gisa, baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaerak baimendu ahal izango ditu, kontuan hartuta modalitate edo diziplina jakin batzuetan edo udalerri jakin batzuetan taldeak egiteko egon daitezkeen zailtasunak, edo kirolari edo talde batzuek kirolerako dituzten gaitasun bereziak.
3. Kirol modalitate baten barruan goragoko kategoria batean parte hartzen duen ikasleak ez du galduko bere adinari dagokion kategorian beste kirol modalitate edo diziplina batzuetan aritzeko aukera; hala ere, behin lehiaketa hasi eta gero, ezin izango du parte hartu kirol modalitate edo diziplina horretan bertan bere adinari dagokion kategorian.
4. Kategoria bat jaiotze urte bakoitzeko bi azpikategoriatan banatuta dagoen modalitate edo diziplinetan, azken urteko kirolariak goragoko kategoriako bi urteetako edozeinetan parte hartu ahal izango du.
5. Arabako Foru Aldundian kirol arloko eskumena duen zerbitzuak adinagatik dagokiona baino goragoko kategoria batean parte hartzen duten ikasleen inskripzioa baliozkotu ahal izateko, inskripzioa eskola adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren aplikazio informatikoaren berariazko atalean agin beharko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztu:
- a) Parte hartzailearen legezko ordezkariaren idazkia, parte hartzeko baimena emanez.
- b) Kirol gaitasun bereziak dituzten kirolarien edo taldeen kasuan, horretarako merezimenduak egiaztatzen dituen federazioaren ziurtagiria.
48. artikulua. Eskola kirolariek adinez dagokienaren hurrengo beheragoko kategorian parte hartzea.
1. Adinez dagokienaren goragoko hurrengo kategorian parte hartu ahal izango dute eskakizun hauek betetzen dituzten eskola umeek:
- a) Lehiaketa parte hartzeko ibilbidekoa izatea, modalitate edo diziplinako berariazko araudian, 65.7 artikulua oinarritzat hartuta, beste baldintzarik ezarri ezean.
- b) Parte hartu nahi den kategoriari dagokion urtearen aurrekoan jaio izana.
- c) Taldeko kirol modalitate edo diziplina bat izatea, desgaitasuna edo premia bereziren bat duten kirolarien kasuan izan ezik; kasu horretan, banakako edo arerioko modalitateak edo diziplinak ere izan daitezke.
- d) Ikastetxeetako taldeen kasuan, pertsona hori ikastetxekoa izatea, eta 11.1.b artikuluan aipatzen diren erakundeen kasuan, kirolaria aurreko ikasturtean erakunde horretan egon izana.
- e) Talde kiroletan, baldintza hauek betetzeko konpromisoa hartzea idatziz:
- Kirolari baimendu bakoitzaren joko denborak ez gainditzea norgehiagokaren iraupen osoaren ehuneko berrogeita hamar.
- Goragoko kategoriako kirolariek talde berean parte hartzeko baimen bat baino gehiago izanez gero, kirolari ezingo dute aldi berean jokatu.
2. Kirol arloan eskumena duen sailaren titularrak, salbuespen gisa, artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak baimendu ahal izango ditu, kontuan hartuta modalitate edo diziplina jakin batzuetan edo udalerri jakin batzuetan taldeak egiteko egon daitezkeen zailtasunak, edo taldeetan desgaitasuna edo premia bereziak dauzkaten kirolariak daudela.
3. Kirol modalitate edo diziplina bakoitzeko lehiaketa araudiek ezin izango dute eragotzi artikulu honetan aipatzen diren kirolariak dituzten taldeek azken faseetara edo sailkapenen lehen postuetara sartzeko aukera izatea, salbu eta Arabako Foru Aldundian kirolaren arloko eskumena duen sailaren titularrak berariazko baimena ematen badu.
4. Arabako Foru Aldundian kirol arloko eskumena duen zuzendaritzaren zerbitzuak adinagatik dagokiona baino beheragoko kategoria batean parte hartzen duten ikasleen inskripzioa baliozkotu ahal izateko, inskripzioa eskola adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren aplikazio informatikoaren berariazko atalean agin beharko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztu:
- a) Lehiaketetarako baldintzak betetzeko konpromisoaren idazkia, artikulu honen 1.e apartatuan aipatzen dena.
- b) Desgaitasuna edo premia bereziak dituzten pertsonen kasuan: desgaitasunaren ziurtagiri ofiziala, egoera hori egiaztatzen duen osasun ziurtagiria edo Hezkuntza Sailaren ziurtagiria.
49. artikulua. Hamazazpi urteko kirolariek programan parte hartzea
1. Hamazazpi urteko kirolariek eskola kirolean beren adinaren araberako kategoriaren azpikoan parte hartzeko, ezinbestekoa da jarduerak parte hartzeko ibilbideko lehiaketakoak izatea eta baldintza hauetako bat betetzea:
- a) Bizi den udalerriko kategoria baxuagoko talde batean aritzea, udalerrian dena delako modalitatean edo diziplinan haren kategoriako kirol talde federaturik ez dagoelako.
- b) Aurreko ikasturtean talde berean jardun izana.
- c) Desgaitasun edo premia bereziren bat edukitzea.
2. Aurreko apartatuko kasuan, adinaren araberakoa baino maila bat beheragoko kategorian lehiatzeko foru agindu honen aurreko artikuluan ezartzen dena bete beharko da.
3. Kirolaren arloko eskumena daukan zerbitzuak hamazazpi urteko kirolari baten inskripzioa baliozkotu ahal izateko, eskaera aurkeztu behar da eskola adineko jarduera fisikoko eta kiroleko aplikazio informatikoaren atal egokiaren bidez. Gainera, honako agiri hauetako bat ere aurkeztu behar da, kirolaria aurreko ikasturtean talde berean egon ez bada:
- Udalerrian ez badago beraren kategoriako talde federaturik: kirol federazioaren ziurtagiria.
- Desgaitasuna edo premia berezia badauka: desgaitasunaren ziurtagiri ofiziala, osasun ziurtagiria edo egoera hori egiaztatzen duen Hezkuntza Sailaren ziurtagiria.