Adopzioa
Adopzioa
Adopzioa haurrak babesteko neurri bat da; familia giro egonkor, iraunkor eta behin betikoa ematen die hainbat arrazoi direla medio jatorrizko familian egon ezin duten haurrei.
Adopzioak hautsi egiten ditu adingabea ordura arte jatorrizko familiarekin batzen zituen lotura legalak eta, ondorio guztietarako, eskubide eta betebehar guztiekin, adopzio gurasoen seme edo alaba bihurtzen dira.
Adopzioan haurraren interes gorena eta eskubideak errespetatzea gailendu behar da beti.
-
Arabako Adingabeen Kontseiluak tutorizatutako haurren adopzioa, adoptatzeko egoeran daudenak.
-
Beste herrialde batzuetatik iritsitako haurren nazioarteko adopzioa, adoptagarritzat jo badira.
-
Arabako Adingabeen Kontseiluak tutoretzapean dituen haurren adopzioaren kasuan, izapideak sinpleagoak dira eta kostu ekonomikorik ez dago.
-
Nazioarteko adopzioaren kasuan, izapideak konplexuagoak dira, beste herrialdeko legedia aplikatzen delako; horrez gain, kostu ekonomikoa ere badu, kontuan hartu behar baita bi herrialdeetako aginteen esku hartzea, bidaia, etab.
-
Nazioarteko adopzioan ez dago probaldirik; adopzio nazionala zaintza eskuordetuz hasten da, elkarrekiko egokitzapena sustatzeko, urtebetera arte.
-
Itxaronaldia laburragoa izan ohi da nazioarteko adopzioan, baina jatorrizko herrialdean luzatu daitezkeen arazoak sor daitezke.
Nazioarteko adopziorako eskaintza hurrengo betekizunak betetzen dituzten herrialdeei zuzendu dakieke:
-
Nazioarteko adopzioa onartzen dute
-
Ez daude gerra erako gatazka batean edo natur hondameneko egoera batean sartuta
-
Administrazio espainiarrek uste izatea behar besteko bermeak eskaintzen direla
-
Adopzioa kontrolatzen eta bermatzen duen berariazko agintaritza dago
-
Jatorriko herrialdean familiarik topatu ez dieten haurrak daude, abandonu egoeran, edo aurreikus daiteke arrazoizko epe batean topatzea ez dela posible izango
-
Adoptatu nahi dutenen adoptatzeko gaitasuna onartzen dute: pertsona ezkongabeek ezin dute edozein herrialdetan adoptatu, ezta seme-alabak dituzten familiek ere, gurasoen adina betekizun erabakigarria da, eta abar.
Adingabeen Kontseiluak tutoretzapean dituen adingabeen adopzioan nahiz nazioarteko adopzioan behar bereziak dituzten haurrak adoptatzeko aukera dago, zenbait inguruabar direla medio zailtasun gehiago baitituzte haietaz arduratuko den familia bat topatzeko.
Espainiako legedian (Kode Zibileko 157. art.) ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsonek edo bikoteek (ezkondutakoek edo izatezko bikoteek):
-
25 urte baino gehiago edukitzea. Bikote edo bikote ezkondu bat izanez gero, bikotekideetako batek adin hori izatea aski izango da.
-
Adoptatzailearen eta adoptatutako haurraren arteko adinaren aldea, gutxienez, hamasei urtekoa izango da, eta gehienez berrogeita bost urtekoa. Pertsona adoptatzaileak bikote bat edo bikote ezkondu bat izanez gero, orduan aski izango da bikotekide gazteenak adingabekoarekiko berrogeita bost urte baino gehiagoko aldea ez izatea.
-
Etorkizuneko pertsona adoptatzaileak neba-arrebak edo behar bereziak dituzten haurrak adoptatzeko prest egonez gero, berrogeita bost urte baino gehiagoko aldea egon ahalko da.
Adin nagusiko edo gazte emantzipatu bat adoptatzea soilik posible izango da emantzipatu edo adin nagusiko bihurtu aurretik etorkizuneko adoptatzaileekin modu egonkorrean bizitzen edo harreran egon bada, gutxienez urtebetez.
-
Adingabe bat adoptatzeko Egokitasun Ebazpena lortzea: Administrazioak pertsona adoptatzailearen edo adoptatzaileen azterlan psikosoziala egingo du, adopzioaren errealitateari dagokionez gaitasunak, baliabideak eta adopzio proiektuaren egokitasun maila zehazteko.
Adopzioaren prozedura
Adoptatzeko haien burua eskaintzen duten pertsonentzat lehen urratsa beharrezko informazio guztia lortzea da. Horretarako hitzordua eskatu behar da Adingabeak eta Familia Arean.
Informazio saioan izan ondoren, hurrengo pausua adoptatzeko eskaintza formalizatzea da.
Espedientea ireki ondoren, adoptatzeko prest agertu diren familiek edo pertsonek bost asteko prestakuntza ikastaro bat egingo dute, saio bat astero. Adoptatu nahi duten pertsonek hausnarketa egitea da helburu nagusia, adopzio prozesuari dagokionez haien motibazioak, gaitasunak eta ezagutzak aztertuz.
Balorazio prozesuaren helburua pertsona edo bikote bakoitzak adoptatzeko egoeran dagoen haurrari eskaini ahal dizkion baldintzak zehaztea da.
Adopzioan espezializatutako profesionalek egiten dute; horretarako, eskatzaileari edo eskatzaileei zenbait elkarrizketa egiten zaizkie, etxera bisitak egiten zaizkie eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu egiten da; hala, familiak adopzio guraso izateko inguruabar egokiak dituen ebazten da.
Azterketa psikosozialaren ondoriozko txostena Arabako Adingabeen Kontseilura igortzen da, eta horretan oinarrituz egokitasun ziurtagiria emango da edo ez.
Pertsona eskatzailea edo eskatzaileak adoptatzeko egokiak ez direla ulertuz gero, orduan pertsona horiek hiru urte itxaron beharko dute berriz ere haien burua eskaini edo eskaera berri bat egin arte.
Egokitasun ziurtagiriak 3 urteko indarraldia du, betiere pertsona eskatzaileen inguruabar familiar eta pertsonalak mantentzen badira.
Adopzio kasu guztietan agintariek kontrol eta jarraipen lana egingo dute, tokiko zein jatorrizko herrialdeetako agintariek, nazioarteko adopzio kasuetan. Familiako kide guztiak ongi egokitzen ari diren eta adingabea ongi hazi eta garatzeko baldintza egokiak ote dauden egiaztatzea da jarraipen lanaren helburu nagusia.
Adopzio nazionalaren epaiaren ondoren lau jarraipen saio egingo dira, sei hilabeterik behin. Nazioarteko adopzioaren ondoren egin beharreko jarraipen lana jatorrizko herrialdeko legediak ezartzen du, eta aldatu egiten da herrialde batetik bestera.
Adopzio nazionala
Eskatzaileek haien burua eskaini badute eta izapidetzeko onartu bada, orduan inskripzio zenbaki bat esleitzen zaie Adopzioen Erregistroan. Balorazioa familiak behar diren unean egingo da, ez eskaintza aurkezteko egunean.
Eskaintza horrek hiru urteko indarraldia du. Denbora hori igaro ondoren, eskatzaileek, adoptatzeko interesa badute, berritu egin beharko dute. Bestela, espedientea artxibatu egingo da.
Nazioarteko adopzioa
Nazioarteko adopzioan interesa duten pertsonek egokitasun aitorpena lortzeko eskaera egin beharko dute; inprimakian adopzioa zein herrialderekin izapidetuko duten eta zein bidetatik egingo den adierazi behar dute.
Izapideak egiteko bi bide daude aukeran:
-
NAELen bitartez (Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzailea)
NAELak irabazteko xederik gabeko elkarteak dira, legez eratutakoak; legez akreditatuta daude adopzioak izapidetzeko eskatzaileen herrialdean zein adoptatuko duten adingabearen jatorrizko herrialdean. Nazioarteko adopzioaren prozesuan bitartekaritza lana egiteko funtzioa daukate.
- Erakunde publiko baten bitartez
Izapideak erakunde publiko baten bitartez egitea erabakitzen duten nazioarteko adopzioaren eskatzaileak jatorrizko herrialdean eskatzen den dokumentazio guztia lortu, itzuli eta legeztatzeaz arduratu behar dira.
Adoptatuak izan diren pertsonak, adin nagusira iristerakoan, edo lehenago bada, ordezkari legalen bitartez, haien jatorriari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea daukate Horretarako, AFAko Gizarte Politiketako Sailak, adingabeak babesteko erakunde publiko modura, bitartekaritza eta akonpainamendua eskaintzen die pertsona adoptatuei familia biologikoa bilatu, ezagutu eta haiekin elkartzeko.
Eskabide bakoitzak tratamendu indibidualizatua jasoko du eta une oro sekretu profesionala eta konfidentzialtasuna bermatuko da.