Haurrak eta nerabeak babesik gabe
HAURTZARO ETA NERABEZARO BABESGABEA
Haurrei zuzendutako gizarte zerbitzuen helburu nagusia haurren eta nerabeen eskubideak babestea eta oinarrizko premiak asebeteko dituen ingurune egonkor eta segurua ematea da.
Haur eta gazteentzako babes iturririk onena, zalantza izpirik gabe, gurasoak dira, baina zenbait egoeratan pertsona batzuek zailtasunak dituzte gurasoen betebeharrak eskatzen duenari erantzuteko eta ez dira gai haien seme-alabak ongi babesteko; horrez gain, familiari laguntza emateko ohiko sistemak ere ez dira aski izaten horrelako egoerei aurre egiteko.
Gurasoek, familiak, komunitate zerbitzuek dagozkien betebeharrak zuzen betetzeko zailtasunak dituztenean baino ez dute esku hartzen gizarte zerbitzuek, egoera horren ondorioz adingabe baten ongizatean kalte nabarmena eragingo bada, babesgabetasun egoera larrietara iritsiz.
Adingabeak babesteko arloan eskumenak garatzea Arabako Foru Aldundiari dagokio; agindu horren funtzioa gurasoei laguntza ematea da, haien seme-alabak ongi zaintzeko eta, beharrezkoa izanez gero, seme-alabak babesteko lan egin beharko du gurasoen figura aldi batez ordeztuz, babes hori lortzen den bitartean. Adingabeen Kontseilua arduratzen da Gizarte Politiken Sailaren proposamenak aztertu eta onartzeaz babesgabetasun egoeran dauden adingabeen behin-behineko zaintza eta jagoteaz eta familian hartzeaz, baita adingabeak hartzeaz arduratzen diren familia eta pertsonak gainbegiratzeaz ere.
BABESGABETASUNAREN BALORAZIOA ETA DIAGNOSTIKOA
Adingabe bat babesgabetasun egoeran dagoela jakiten den unean esku hartzen dute gizarte zerbitzuek, eta zerbitzu horretan identifikatu, diagnostikatu eta zehazten da haurraren babesgabetasun maila; antzemandako beharrizanei erantzuna emateko babes edo baliabide egokienetarantz bideratzen da.
Kasu bakoitzak eskatzen dituen babes neurriak proposatzen dira, eta premiazko egoerak ikertu egiten dira.
Babesgabetasun egoera larritasun maila nabarmenera iritsiz gero, adingabeak babesteko gizarte zerbitzuek neurri legal jakin batzuk hartu behar dituzte adingabe bat bere familiarengandik bereizi behar dela ebazten bada.
-
Tutoretza baliatzen da haur baten babesgabetasun egoera modu argian jakiten denean, gurasoen guraso ahala aldi baterako etenez. Premiazko egoeretan behin-behineko tutoretza aplikatu ohi da.
-
Adingabe baten zaintzan guraso edo lege arduradunen eskaera egon ohi da, eta seme-alabei estaldura ematea ezinezkoa zaien egoera jakin batzuetan gertatzen da, beharrezkoa den denboran. Zaintza mota horrek behin-behineko izaera dauka premiazko kasuetan.
Horrek esan nahi du babesgabetasun egoera bat aitortuz gero haurrak familiarekin bizitzeari utziko diola eta Foru Aldundiaren baliabide batera iritsiko dela, harrera familia batean edo harrera egoitza batean, eta Aldundiak berak hartuko duela bere gain adingabearen tutoretza. Gurasoei guraso ahala aldi baterako kendu egingo zaie.