Desgaitasuna
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK
Desgaitasunen bat duten gizon-emakumeek, gaur egun ere, borrokatu behar dute herritartasun osoa eta eskubide eta aukera berdintasun eraginkorra lortzeko gizartean; izan ere, gure gizarteak oraindik ere baditu aurreiritzien eta jarreren bidez sortutako traba eta eragozpenak, bai eta inguruko oztopo fisikoak ere. Hala, oztopo horiek sarritan galarazten dute haien parte hartzea benetan gauzatu dadin gizartean.
Desgaitasunen bat duten pertsonentzako arreta zerbitzuek eta prestazioek autonomia pertsonala, askatasuna eta menpekotasunik eza bermatzea dute helburu, bai eta komunitatean parte hartze osoa eta ordezkaritza izatea galaraz dezaketen oztopoak desagerraraztea ere, desberdintasuna eta aniztasuna giza izaeraren ezaugarritzat errespeta eta aitortu dadin sustatuz, ezaugarri horiek balio eta talentu gehiago ematen baitiote gure gizarteari.
DESGAITASUNAREN BALORAZIOA
Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko hitzarmenaren arabera, halakotzat hartzen dira “epe luzerako urritasun fisiko, mental, intelektual edo sentsorialak dituzten pertsonak, baldin eta, hainbat oztoporekin elkarreraginean aritzean, gizartean parte-hartze osoa eta eraginkorra eragotz badezakete, gainerako pertsonen baldintza berdinetan”.
Desgaitasun egoera aitortzeko egin beharreko urratsak:
Eskatzaileak edo, hala badagokio, haren legezko ordezkaritza duenak edo eskatzailearen izatezko zaintza duenak eskabidea eta dagozkion agirian aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileari idatziz jakinaraziko zaio pertsonak noiz eta zer ordutan joan behar duen Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Balorazio eta Diagnostiko Zerbitzura, balorazioa egitera.
Indarrean dagoen legeriak ezarritako irizpideei jaramon egingo zaie; zehazki, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak, minusbaliotasun mailaren prozedurari, aitorpenari eta kalifikazioari buruzkoak −1364/2009 Errege Dekretuak eta 1364/2012 Errege Dekretuak aldatutakoa−, xedatutakoari, bertan ageri baitira aplikatu beharreko baremoak.
Desgaitasun maila zehazteko, aurreko baloraziotik lortzen den ehunekoari gizarte faktore osagarriei buruzko baremoa (familia giroa, lan eta lanbide egoera, hezkuntza eta kultura maila, ingurunea…) aplikatzean lortutako puntuazioa gehitu behar zaio.
Balorazio organoak eskatzailearen egoera ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen azterketak, elkarrizketak eta bestelako probak egingo ditu.
Pertsonak postaz jasoko du ebazpena, gehienez ere, GOFEk eskaera jasotzen duenetik hiru hilabeteko epean. Ebazpenarekin batera, balorazio irizpen teknikoa jasoko du, honako hau adierazita:
-
Desgaitasunaren maila
-
Garraio kolektiboa erabiltzeko mugikortasun zailtasunei buruzko ebaluazioaren emaitza
-
Kalifikazioaren behin-behineko edo behin betiko izaera
-
Kalifikazioa behin-behinekoa bada, ebazpenaren balio epea
-
Ondorioaren data
Pertsona baten desgaitasun maila aitortu ondoren, ezin izango du beste ebaluazio bat eskatu bi urte igaro arte, desgaitasuna hobetu edo okertu bada edo diagnostikoan zein baremoen aplikazioan akatsak gertatu badira izan ezik.