Mendekotasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak

Mendekotasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzea

Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala erreformatzen duen 8/2021 Legearen oinarria da pertsona guztiek eskubide eta baldintza berdinak izan behar dituztela gaitasun juridikoari dagokionez, eta zenbait berrikuntza sartzen ditu pertsonaren eskubideak, borondatea eta lehentasunak errespetatzen direla ziurtatzeko.

 


Laguntzeko figurak eta neurriak 

Pertsona batek ezarritako neurriak dira, etorkizunean gaitasunik ez izatea aurreikusita.

Laguntza behar duen pertsonak erabaki dezake nork emango dituen laguntza horiek; bere buruari edo ondasunei buruzko neurri zehatzak; laguntza horiek emango dituen pertsonak izango dituen ahalmenen irismena; gehiegikeriak, interes gatazkak edo eragin bidegabea saihesteko babesak: bai eta neurri horiek berrikusteko mekanismoak eta epeak ere.

Borondatezko neurri horiek notario eskritura publikoan ezarri behar dira, eta, jasota gera daitezen, notarioak ofizioz komunikatuko dizkio Erregistro Zibilari.

Izatezko zaintza betetzen ari den pertsonak edo desgaitasuna duen pertsona baten gaitasun juridikoa gauzatzeko laguntza eman nahi duenak bere eginkizuna betetzen jarraituko du, baita borondatezko laguntza neurriak edo neurri judizialak badaude ere, baldin eta neurri horiek behar bezala aplikatzen ez badira.

Agintaritza judizialak neurriak ezartzen ditu borondatezko neurririk eta izatezko zaintzarik ez dagoenean, edo nahikoak ez direnean. Ordezko neurriak eta neurri osagarriak dira, pertsonak bere gaitasun juridikoa egikaritzean duen ahalik eta autonomia handiena errespetatuko dutenak, eta haren borondateari, nahiei eta lehentasunei erantzungo dietenak beti.

Kuradoretza

Laguntza neurri formal bat da, eta laguntza jarraitua behar dutenei aplikatuko zaie. Haren edukia eta hedadura ebazpen judizialean zehaztuko dira, desgaitasuna duen pertsonaren egoerarekin eta inguruabarrekin eta haren laguntza beharrekin bat etorriz. Ebazpen horretan zehaztuko da zer egintzatarako behar den kuradorearen esku hartzea.

Defentsa judiziala

Figura hori ezartzen da desgaitasuna duen pertsonaren laguntza beharra noizbehinkakoa denean, nahiz eta errepikakorra izan, hau da, jardueraren baterako edo batzuetarako laguntza behar denean, eta batzuetan laguntza hori behin baino gehiagotan errepika daitekeenean.


Neurri horiek berrikusteko eska daiteke hori justifikatzen duten inguruabarrak dauden bakoitzean. Hala ere, ofizioz berrikusiko dira hiru urtean behin edo, salbuespen gisa, sei urtean behin.

Beste zerbitzu batzuk

Mendekotasun egoeran edo mendekotasun arriskuan dauden pertsonei laguntzeko zerbitzua da, etxean egon ahal izan daitezen; hartara, etxeko laguntza eta arreta pertsonala eskaintzen ditu, etxean moldatzen eta gizarteratzen laguntzeko eta bakartze egoerak saihesteko.

Agintaritza judizialak hartzen duen babes neurri bat da ezgaitzea, bizitzaren eremu batzuetan edo guztietan erabakiak hartzeko gaitasunik ez duten eta judizialki ezgaitu dituzten edo ezgaitze prozesuan dauden pertsona helduei eragiten diena. Neurri horren helburua pertsonaren eskubideak babestea da, bai eta eskubide horien benetako erabilera sustatzea eta erraztea ere, pertsona horien garapen pertsonala, ahalik eta gizarteratze handiena eta bizitzaren kalitatearen hobekuntza sustatuz.

Arabako Foru Aldundiak heldu ezgaituen tutoretza zerbitzua emateko eskumenak ditu. Horretarako, Pertsona helduen tutoretza eta defentsa judizialeko foru batzordea sortu da. Batzorde hori Gizarte Zerbitzuen Sailari atxikitako kontsulta-organoa da, eta esleitzen zaizkion legezko zaintzaren arloko baliabideak antolatzen eta koordinatzen ditu.

  • Legez ezgaitutako adin nagusikoen tutoretza eta kuradoretza egikaritzen ditu, eta defendatzaile judizialaren kargua betetzen du, eginkizun horiek era judizialez esleitzen zaizkionean.
  • Kasuak aztertzen ditu eta jarduteko jarraibideak erabakitzen ditu, eta zaintza horren kudeaketa beharrezkotzat jotzen den erakunde publiko edo pribatuari esleitzen dio.
  • Tutoretzapean dauden pertsonak beren gizarte ingurunean txertatzeko eta normalizatzeko ekintzak sustatzen eta gauzatzen ditu.

Tutoretza fundazioak agintaritza judizialak ezgaitzat deklaratutako desgaitasun psikikoa duten pertsonen tutoretzak eta beste zaintza modu batzuk zuzenean egikaritzeaz arduratzen diren erakundeak dira, eginkizun horiek familiakoen edo beste pertsona fisiko edo juridiko batzuen esku utzi ezin direnean.

 

Izapidetu

Arreta goiztiarreko zerbitzua urritasunen, garapenaren asalduren edo horiek pairatzeko arriskuaren ziozko premia bereziak −iragankorrak edo iraunkorrak− dituzten  0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da.

Doako zerbitzua da eta esku hartze mistoen eta diziplinartekoen multzo batez osaturik dago; osasun, hezkuntza eta gizarte alderdiak aintzat hartzen ditu eta adingabeen garapenik onena eta autonomia pertsonal handiena sustatzea du helburu. Zerbitzuaren xedea da nahasmendu edo desgaitasun baten ondorioak ahalik eta gehien arintzea eta, ahal denetan, desagerraraztea, bai eta desgaitasun gehigarriak agertzea ere, familiaren, eskolaren eta gizartearen erabateko integrazioa eta haurren eta haien familiaren bizi kalitatea hobetuz.

Arreta goiztiarraren beharraren balorazioa: Osasun edo hezkuntza zerbitzu publikoek (arreta goiztiarreko hezkuntza orientazioko eta psikopedagogiako  lantaldeak edo orokorrak) adingabeak garapenaren nahasmenduren bat duela edo nahasmendu hori pairatzeko arriskua duela antzematen badute, gizarte-zerbitzuen eremura bideratzen dute. Une horretan, familiak arreta goiztiarraren beharraren balorazioa eskatu behar du.

Balorazio taldeak balioetsi egingo ditu garapen arazoak dituzten edo horiek pairatzeko arriskua duten haurren beharrak, eta esku hartzeko plana prestatuko du egindako balorazioaren arabera.

Hainbat jakintza arlotako profesionalek osatutako esku hartze taldeak ikuspegi bateratzailea eta banako programazioan oinarriturik jarduten du, balorazio taldearekin eta haurraren arretan parte hartzen duten beste zerbitzu soziosanitario eta hezitzaile batzuekin koordinatuta.

Tratamenduak:

  • Gizarte eta familia arreta (psikologia, gizarte lana…)
  • Arreta terapeutikoa (estimulazioa, fisioterapia, psikomotrizitatea, logopedia eta psikoterapia).

 

Izapidetu

Aldi baterako egonaldiak eguneko zentroetan eta egoitza zentroetan

Egoitza zentroetan, etxebizitza komunitarioetan edo eguneko zentroetan aldi baterako egonaldia emateko baliabidearen helburu nagusia da mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileei laguntzea, zaintzan atseden hartzeko eta laguntzeko denbora eskainita. Horretarako, aurreikusi da aukera ematea mendekotasuna duen pertsonari egoitza batean ostatu hartzeko edo eguneko zentro batera joateko, urtean gehienez ere 45 egunez, jarraian edo urtean zehar banatuta.

"Zaintzeko zaindu" programa

Programa honek gizarte eta familia sareko kide izan, landa eremuan bizi eta mendekotasun egoeran edo mendekotasuna pairatzeko arriskuan dauden pertsonen zaintzaileei aukera ematen die zainketa eta autozaintzari buruzko ezagutza eta trebetasunak eskuratzeko, beren bizi kalitatea hobetzeko: elkarri laguntzeko taldeak, etxeko laguntza psikologikoa, ingurunea egokitzeko neurriei buruzko etxeko aholkularitza eta eguneroko bizitzari lotutako jardueretarako entrenamendu jarraibideak.

 

Izapidetu

Eguneko zentroa mendekotasuna duten adineko pertsonentzat

Muga fisiko eta/edo psikikoak direla eta, pertsonen ohiko ingurunean beren beharrak behar bezala ase ezin dituzten eta mendekotasuna duten adineko pertsonei banako  arreta osoa aldi baterako edo betiko eta egunez eskaintzen dieten arreta zentroak dira.

Zentro horien helburua arreta jasotzen dutenen autonomia pertsonalaren maila hobetzea da, haien muga funtzionalak konpentsatzea eta ohiko zaintzaileei laguntza ematea. Prebentzio-prestazioak eta laguntzaileak bultzatzen dira, pertsonek haien autonomia mantendu eta bere inguruan parte hartu ahal izan dezaten.

Ondokoak eskaintzen dira:

  • Zainketa pertsonalizatuak gaitasun fisiko, psikologiko eta sozialei eusteko eta gaitasunok indartzeko.

  • Higieneko, jantokiko eta osasunaren jarraipeneko zerbitzuak.

  • Garraio egokituaren zerbitzua.

  • Bi zentrotan, asteburuetan eta jaiegunetan ematen da zerbitzua.

 

Izapidetu

 


Eguneko zentroa desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzat

Eguneko zerbitzua da, aldi baterakoa edo iraunkorra, eta mendekotasun egoeran dauden eta/edo desgaitasuna duten pertsonei arreta integrala eskaintzen die, haien autonomia pertsonala hobetzeko edo hari eusteko, ingurune komunitarioko parte hartzea errazteko eta zaintzaileei laguntza emateko.

Zerbitzu motak:

  1. Laguntza premia handia eta adimen urritasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa.

  2. Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) dituzten pertsonentzako eguneko zentroa.

  3. Desgaitasun fisikoa edo organikoa duten pertsonentzako eguneko zentroa.

 

Izapidetu

 


Buruko gaixotasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa

Buruko gaixotasun kronikoa duten pertsonei banako arreta osoa eskaintzen dien zerbitzua da, egunez, aldi baterako edo betiko. Horretarako, jakintza arlo anitzeko profesionalen talde batek zenbait jarduera antolatu eta koordinatzen ditu, gaikuntza arreta osoa emanda, garapen pertsonala eta soziala, autonomia eta gizarteratzea errazteko helburuz.

 

Izapidetu

Mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza

Ostatu zerbitzua, ohiko etxebizitza izateko, aldi baterako edo betiko, mendekotasun egoeran dauden eta ohiko ingurunean euren beharrizanak behar bezala ezin asebete ditzaketen adinekoentzat; halaber, ostatu aukera arinagoak behar dituztenentzat dira, laguntza handiagoa behar dutelako, banakako arreta integrala eskainita.

Honako helburu hauek dituzte:

  • Erabiltzaileen ongizate fisikoa eta emozionala hobetzea.

  • Autonomia pertsonalari eustea.

  • Eguneroko bizitzako jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren zainketak eta laguntza pertsonala bermatzea.

  • Garapen pertsonala eta bere bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna sustatzea.

  • Komunitatean parte hartzeko aukerak eskaintzea.

  • Laguntzako familia eta gizarte sareei eustea sustatzea.

  • Segurtasun sentipena areagotzea.

Zaintzaileen etengabeko presentzia bermatzen da, zainketa pertsonalak, zerbitzu medikoak eta erizaintzakoak eskaintzen dira, eta diziplina anitzeko talde baten laguntza ere bai, egoiliarren ongizatea, fisikoa, psikologikoa eta soziala lortzera bideratua.

Izapidetu

Desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzako egoitza eta laguntzadun etxebizitza

Adimenaren, gorputzaren edo zentzumenen desgaitasuna duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako bizitokiak dira, eguneroko bizitzari lotutako oinarrizko jarduerak egiteko edo autonomia pertsonalerako laguntza behar dutenentzat, haien premiak ohiko bizilekuan behar bezala ase ezin dituztelako.

Eguneroko bizitzari lotutako jardueretan laguntza eta gainbegiratzea eskaintzen da,  autonomia eta garapen pertsonala sustatuz, haien gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuz. Zerbitzua modu bereizian antolatzen da, desgaitasun mota eta behar den laguntzaren intentsitatea kontuan hartuta.

Izapidetu

Buruko gaixotasuna eta mendekotasuna dituzten pertsonentzako egoitza eta etxebizitza

Egoitzetan, etengabeko gainbegiratzea eta/edo eguneroko bizitzari lotutako jarduerak gauzatzeko laguntza behar duten eta buruko gaixotasuna duten pertsonak artatzen dituzte, eta zaintzaileek etengabe jarduten dute.

Ostatua eta laguntza eskaintzen dute egoiliarrek gaitasun eta trebetasun pertsonalak zein  harremanezkoak hobe ditzaten, horien garapen pertsonal, gizarteratze eta eguneroko inguruneko parte hartzea errazteko eta, oro har, pertsonon bizi kalitatea hobetzeko.

Banakako laguntza mailak eta erabiltzaileen premia aldakorretara egokituak eskaintzen dira. Aldi baterako egonaldi, egonaldi luze edo egonaldi iraunkorreko zerbitzuak dira.

Izapidetu

Aldi baterako laguntza baliabide honek mendekotasun egoeran dauden eta zainketa sozial eta sanitarioen premia handiak dituzten pertsonei beharrezko arreta eta prestazioak (sozialak eta sanitarioak) ematen dizkie.