Espezie Exotiko Inbaditzaileak (EEI)
- Ingurumena
- Fauna eta Landaredia
- Espezie Exotiko Inbaditzaileak (EEI)
Espezie Exotiko Inbaditzaileak (EEI)
Espezie exotiko inbaditzaileak (EEI)
Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak honela definitzen ditu espezie exotiko inbaditzaileak: "ekosistema edo habitat natural zein erdinatural batean sartu edo finkatzen dena eta aldaketa eta mehatxua dakarrena berezko dibertsitate biologikoarentzat, dela jokabide inbaditzaileagatik edo dela kutsadura genetikoa eragiteko arriskuagatik".
Espezie exotiko inbaditzaileak (EEI) dira Araban, besteak beste, bisoi amerikarra, liztor asiarra, Floridako dortoka, zebra muskuilua, Panpa-lezka eta zeruko zuhaitza edo ailantoa, eta biodibertsitatea galtzeko arrazoi nagusietako bat dira. Lege horrek Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa sortu zuen, eta bertan sartu behar dira espezie eta subespezie exotiko inbaditzaile guztiak, hain zuzen ere espezie autoktonoentzat, habitat edo ekosistementzat, agronomiarentzat edo natura ondarearen erabilerari lotutako baliabide ekonomikoentzat mehatxu larria direnak edo izan daitezkeenak.
Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretua onestearekin, katalogo hori osatzen duten taxonak definitu ziren. Ondoren, aldaketak egin dira.
Natura Ondarearen Zerbitzuak sustatzen duen lan ildoetako bat habitaten eta espezieen kontserbazioa arriskuan jartzen duten espezie exotikoen jarraipena eta kontrola da, ez bakarrik naturagune babestuetan, baita Arabako lurralde osoan ere. Izan ere, oso garrantzitsua da prebentzio neurriak hartzea, ez hedatzeko edo ez ugaritzeko.
2012an harrapatu ziren Araban lehen liztor asiarrak eta, aldi berean, liztor asiarren lehenengo bi habiak aurkitu ziren, Aramaion. Harrezkero, 6 habia kendu dira 2013an, 24 habia 2014an, 164 2015ean, 426 habia 2016an, 268 habia 2017an, 485 habia 2018an, 350 habia 2019an, 399 habia 2020an, 352 habia 2021ean eta 498 habia 2022an. Espezie horren hedapena geldiezina izan da, lehenengoz Bordelen aurkitu zenetik, 2004. urtean, eta geroago Hondarribian (Gipuzkoa), 2010. urtean.
Espezie exotiko inbaditzaile horrek berebiziko eragina dauka biodibertsitatean, batez ere erleak eta beste intsektu batzuk harrapatzen dituelako. Gizakiari dagokionez, espezie oldarkorra ez bada ere, habiak eraikinetan, herrietan edo etxeetatik hurbil dauden tokietan egiteak badu bere arriskua, zeren eta nahi ez dela uki baitaitezke.
Araban, Natura Ondarearen Zerbitzuak egin ditu espezie horren identifikazio, jarraipen, koordinazio, prestakuntza eta dibulgazio lanak. Haien habiak kentzeko edo deuseztatzeko lanak, ordea, 2015era arte, Arabako suhiltzaileen parkeek egin zituzten. Izurriteak 2015. urtearen amaieratik gaur egun arte izan duen bilakaeraren ondorioz, suhiltzaileak ez diren beste langile batzuk eta beste bitarteko batzuk erabili behar izan dira.
Gasteizko udalerrian, Gasteizko Udalak hartzen du bere gain kontrol lanen ardura hori (bere suhiltzaileekin eta beste bitarteko batzuekin). 2016an, "Vespa velutina edo Asiako liztorraren aurka jarduteko ekintza plana eta protokoloa" egin zen. Aldundiko Foru Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2017an aldatu eta egokitu zen. Erabaki horrek jarduteko neurriak eta protokoloa ezartzen ditu, eta Aldundia bera ez ezik, lurraldeko gainerako erakunde publikoak ere inplikatzen ditu.