Desgaitasuna
- Gizarte Zerbitzuak
- Arreta zerbitzuak
- Desgaitasuna

Desgaitasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak
Desgaitasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak
Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzea
Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala erreformatzen duen 8/2021 Legearen oinarria da pertsona guztiek eskubide eta baldintza berdinak izan behar dituztela gaitasun juridikoari dagokionez, eta zenbait berrikuntza sartzen ditu pertsonaren eskubideak, borondatea eta lehentasunak errespetatzen direla ziurtatzeko.
Laguntzeko figurak eta neurriak
Pertsona batek ezarritako neurriak dira, etorkizunean gaitasunik ez izatea aurreikusita.
Laguntza behar duen pertsonak erabaki dezake nork emango dituen laguntza horiek; bere buruari edo ondasunei buruzko neurri zehatzak; laguntza horiek emango dituen pertsonak izango dituen ahalmenen irismena; gehiegikeriak, interes gatazkak edo eragin bidegabea saihesteko babesak: bai eta neurri horiek berrikusteko mekanismoak eta epeak ere.
Borondatezko neurri horiek notario eskritura publikoan ezarri behar dira, eta, jasota gera daitezen, notarioak ofizioz komunikatuko dizkio Erregistro Zibilari.
Izatezko zaintza betetzen ari den pertsonak edo desgaitasuna duen pertsona baten gaitasun juridikoa gauzatzeko laguntza eman nahi duenak bere eginkizuna betetzen jarraituko du, baita borondatezko laguntza neurriak edo neurri judizialak badaude ere, baldin eta neurri horiek behar bezala aplikatzen ez badira.
Agintaritza judizialak neurriak ezartzen ditu borondatezko neurririk eta izatezko zaintzarik ez dagoenean, edo nahikoak ez direnean. Ordezko neurriak eta neurri osagarriak dira, pertsonak bere gaitasun juridikoa egikaritzean duen ahalik eta autonomia handiena errespetatuko dutenak, eta haren borondateari, nahiei eta lehentasunei erantzungo dietenak beti.
Kuradoretza
Laguntza neurri formal bat da, eta laguntza jarraitua behar dutenei aplikatuko zaie. Haren edukia eta hedadura ebazpen judizialean zehaztuko dira, desgaitasuna duen pertsonaren egoerarekin eta inguruabarrekin eta haren laguntza beharrekin bat etorriz. Ebazpen horretan zehaztuko da zer egintzatarako behar den kuradorearen esku hartzea.
Defentsa judiziala
Figura hori ezartzen da desgaitasuna duen pertsonaren laguntza beharra noizbehinkakoa denean, nahiz eta errepikakorra izan, hau da, jardueraren baterako edo batzuetarako laguntza behar denean, eta batzuetan laguntza hori behin baino gehiagotan errepika daitekeenean.
Neurri horiek berrikusteko eska daiteke hori justifikatzen duten inguruabarrak dauden bakoitzean. Hala ere, ofizioz berrikusiko dira hiru urtean behin edo, salbuespen gisa, sei urtean behin.
Beste zerbitzu batzuk
Mendekotasun egoeran edo mendekotasun arriskuan dauden pertsonei laguntzeko zerbitzua da, etxean egon ahal izan daitezen; hartara, etxeko laguntza eta arreta pertsonala eskaintzen ditu, etxean moldatzen eta gizarteratzen laguntzeko eta, aldi berean, bakartze egoerak saihesteko.
Arreta goiztiarreko zerbitzua urritasunen, garapenaren asalduren edo horiek pairatzeko arriskuaren ziozko premia bereziak −iragankorrak edo iraunkorrak− dituzten 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da.
Doako zerbitzua da eta esku hartze mistoen eta diziplinartekoen multzo batez osaturik dago; osasun, hezkuntza eta gizarte alderdiak aintzat hartzen ditu eta adingabeen garapenik onena eta autonomia pertsonal handiena sustatzea du helburu. Zerbitzuaren xedea da nahasmendu edo desgaitasun baten ondorioak ahalik eta gehien arintzea eta, ahal denetan, desagerraraztea, bai eta desgaitasun gehigarriak agertzea ere, familiaren, eskolaren eta gizartearen erabateko integrazioa eta haurren eta haien familiaren bizi kalitatea hobetuz.
Arreta goiztiarraren beharraren balorazioa: Osasun edo hezkuntza zerbitzu publikoek (arreta goiztiarreko hezkuntza orientazioko eta psikopedagogiako lantaldeak edo orokorrak) adingabeak garapenaren nahasmenduren bat duela edo nahasmendu hori pairatzeko arriskua duela antzematen badute, gizarte-zerbitzuen eremura bideratzen dute. Une horretan, familiak arreta goiztiarraren beharraren balorazioa eskatu behar du.
Balorazio taldeak balioetsi egingo ditu garapen arazoak dituzten edo horiek pairatzeko arriskua duten haurren beharrak, eta esku hartzeko plana prestatuko du egindako balorazioaren arabera.
Hainbat jakintza arlotako profesionalek osatutako esku hartze taldeak ikuspegi bateratzailea eta banako programazioan oinarriturik jarduten du, balorazio taldearekin eta haurraren arretan parte hartzen duten beste zerbitzu soziosanitario eta hezitzaile batzuekin koordinatuta.
Tratamenduak:
- Gizarte eta familia arreta (psikologia, gizarte lana…)
- Arreta terapeutikoa (estimulazioa, fisioterapia, psikomotrizitatea, logopedia eta psikoterapia).
Zerbitzu honen helburua da desgaitasuna duten pertsonen autonomia erraztea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bai eta haien parte-hartzea eta gizarteratzea ere, laguntzako irtenbide teknologikoei buruzko informazio egiaztatua eta pertsonalizatua emanda.
Ondoko alderdiei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen da:
-
Irisgarritasuna (etxebizitzako sarreretan oztopo arkitektonikoak kentzea, ibilgailu pribatuak egokitzea, informazio eta komunikazio gailuen erabilgarritasuna ahalbidetzea)
-
Etxebizitzen egokitzapen funtzionala
-
Komunikazio handigarria
-
Laguntza produktuak
Bizitza proiektu independentea izaten laguntzeko, zenbait neurri —zerbitzuak, prestazio ekonomikoak edo bestelako onurak— eskaintzen dira, zeinek dibertsitate funtzionala duten pertsonei ahalbidetzen baitiete gainerako herritarrek dituzten bizitzeko aukera berdinez gozatzea eta aukeratzeko eta parte hartzeko aukera berdinak izatea.
Gizarte zerbitzuen arloari lotutako laguntzez gain, zuzenean edo zeharka helburu horretara bideratutako beste neurri batzuk ere badira, besteak beste hirigintzan, etxebizitzaren esparruan, hezkuntzan, enpleguan, osasungintzan eta diru sarrerak bermatzearen arloan, nagusiak aipatzearren.
Bizimodu independenteari loturiko neurri zehatzen helburua honako hauek erraztea da:
-
Dibertsitate funtzionala duten pertsonak era autonomoan moldatzea eguneroko bizitzan, bai eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak egiteari dagokionez, bai gizartean parte hartzeko jarduerei dagokienez.
-
Bizi nahi duten bizimoduari buruz erabakitzeko eta aukeratzeko duten eskubidea erabiltzea; eta dituzten laguntza beharrak direla-eta egoitza zerbitzuetan sartzera behartuta ez egotea, hala nahi ez badute.
Laguntza motak:
-
Laguntza pertsonala
-
Laguntza programak
-
Irisgarritasuna
Atez ateko garraio-zerbitzua da, mugikortasun zailtasunen zioz autonomia mugatuta duten pertsonentzat. Mugikortasuna errazteko produktuak (gurpil aulkiak, ohatilak, ibilkariak eta beste) erabiltzen dituzten pertsonen premietara egokitutako ibilgailuen bidez ematen da. Halako baliabideek garraio-sare publikoaren bidez egin ezingo lituzketen joan-etorriak egiteko aukera ematen die pertsona horiei, ezohiko jarduerak egiteko lekuz aldatu behar direnean.
Zerbitzu honen bidez, pertsonen autonomia bultzatu nahi da, mugikortasunaren eta garraioaren arloan erantzukizuna duten herri administrazioetako arloen edo sailen lankidetza baliatuta.
Desgaitasunen bat duten pertsonentzako eguneko zentroak
Eguneko zentroek mendekotasun egoeran dauden eta/edo desgaitasuna duten pertsonei arreta osoa eskaintzen die, aldi baterakoa edo iraunkorra, haien autonomia pertsonala hobetzeko edo hari eusteko, ingurune komunitarioko parte hartzea errazteko eta zaintzaileei laguntza emateko.
Zerbitzu motak:
-
Laguntza premia handia eta adimen urritasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa.
-
Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) dituzten pertsonentzako eguneko zentroa.
-
Desgaitasun fisikoa edo organikoa duten pertsonentzako eguneko zentroa.
Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa
Buruko gaixotasun kronikoa duten pertsonei banako arreta osoa eskaintzen dien zerbitzua da, egunez, aldi baterako edo betiko. Horretarako, jakintza arlo anitzeko profesionalen talde batek zenbait jarduera antolatu eta koordinatzen ditu, gaikuntza arreta osoa emanda, garapen pertsonala eta soziala, autonomia eta gizarteratzea errazteko helburuz.
Zerbitzu honen bidez, desgaitasuna eta/edo buruko gaixotasuna duten pertsonek gizarte bizitzan gogotik parte har dezaten sustatzen da, ekoizpen jardueraren inguruko garapen pertsonaleko programen bidez, ahal denean, laneratzen laguntzeko.
Baliabide honen helburua da erabiltzaileen garapen soziolaborala erraztea, haien autonomia pertsonala, autodeterminazioa eta gizartearen aintzatespen eta balioespen handiagoa sustatuz.
Desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza eta laguntzadun etxebizitza
Adimenaren, gorputzaren edo zentzumenen desgaitasuna duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako bizitokiak dira, eguneroko bizitzari lotutako oinarrizko jarduerak egiteko edo autonomia pertsonalerako laguntza behar dutenentzat, haien premiak ohiko bizilekuan behar bezala ase ezin dituztelako.
Eguneroko bizitzari lotutako jardueretan laguntza eta gainbegiratzea eskaintzen da, autonomia eta garapen pertsonala sustatuz, haien gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuz. Zerbitzua modu bereizian antolatzen da, desgaitasun mota eta behar den laguntzaren intentsitatea kontuan hartuta.
Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako egoitza eta etxebizitza
Egoitzetan, etengabeko gainbegiratzea eta/edo eguneroko bizitzari lotutako jarduerak gauzatzeko laguntza behar duten eta buruko gaixotasuna duten pertsonak artatzen dituzte, eta zaintzaileek etengabe jarduten dute.
Ostatua eta laguntza eskaintzen dute egoiliarrek gaitasun eta trebetasun pertsonalak zein harremanezkoak hobe ditzaten, horien garapen pertsonal, gizarteratze eta eguneroko inguruneko parte hartzea errazteko eta, oro har, pertsonon bizi kalitatea hobetzeko.
Banakako laguntza mailak eta erabiltzaileen premia aldakorretara egokituak eskaintzen dira. Aldi baterako egonaldi, egonaldi luze edo egonaldi iraunkorreko zerbitzuak dira.
Zerbitzu honek aukera ematen die gizarte eta familia sareko kide diren eta landa ingurunean bizi diren pertsonen zaintzaileei zaintzako eta autozaintzako ezagutzak eta trebetasunak eskuratzeko, nola zaintzaileen zaintzak hala bizi kalitatea hobetzearren: elkarri laguntzeko taldeak, etxez etxeko laguntza psikologikoa, inguruneko egokitzapenetan etxez etxeko aholkularitza eta eguneroko bizitzako jardueretan entrenatzeko jarraibideak.