Lurzoruaren eta hostoen azterketa
- Nekazaritza eta abeltzaintza
- Mahastizaintza
- Lurzoruaren eta hostoen azterketa
Lurzoruaren eta hostoen azterketa
Lurzoruaren azterketa
Mahastizainak oso tresna erabilgarria dauka bere mahastiek hartzen dituzten eta mahastiei elikagaiak ematen dizkieten lurzoruak ezagutzeko: lurren analisiak.
Arabako Foru Aldundiaren Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak urtean 1.000 lur analisi inguru egiten ditu Arabako mahastietan, eta aholkuak ematen dizkie mahastizainei, analisi horien emaitzen arabera.
Arabako nekazariek ez dute ordaindu behar izaten analisien kosturik, diruz lagunduta baitaude.
MAHASTIZAINTZA/ OLIZIULTURA
Mahastia jarri aurretik analisia egiteak aukera ematen du lurzorua egokia den ala ez zehazteko eta txertakarik egokiena aukeratzeko.
Bestalde, mahastia jartzerakoan zein mahastiaren urteko mantentze lanetan erabili beharreko ongarri mota eta dosiak zehazteko erreferentziatzat ere balio dute analisiek.
Lurzoruaren berezitasun analitikoak ezagutzeari eta bereizgarri horiek modu egokian erabiltzeari esker, lurzorua zuzen edo hobe daiteke, eta ongarriketa, tratamendu edo bestelako edozein jarduera kaltegarrik eragindako desoreka negatiboak, gabeziak edo gehiegikeriak ekidin daitezke. Ongarriketa doituz eta behar bezala egiten asmatuz gero, dirua aurreztuko dugu eta, gainera, mahastiak hobeto haziko dira.
Ohiko analisietan bi motatako alderdiak zehazten dira:
- Fisikoak: testura eta dentsitatea
- Kimikoak: pHa, eroankortasuna, materia organikoa, kareharri aktiboa, elikagai
edukia (fosforoa, potasioa eta magnesioa).
Sail batean landaketa berria egitea aurreikusten dugunean. Laginak hartzea aurrerapen nahikoarekin planifikatu behar da. Une egokia da, esate baterako, lur iraultze lanak egiten direnean, zona sakonetatik lurra hartu ahal izango baitugu, guk geuk inolako esfortzurik egin gabe.
Mahastia jarri aurreko analisia lagungarri izango da jakiteko kasuan kasuko lurzoru motara zein txertaka egokituko den ondoen eta zehazteko zer nolako hondoko ongarritzea — minerala edo organikoa— egin.
Ekoizten ari diren mahastietan eginiko analisiek lagunduko digute kasuan kasuko baldintza zehatzetarako ongarri mota eta dosirik egokiena aukeratzen. Lurzoruaren alda dezakegun sakoneran (25-30 cm) hartzen da lagina; hantxe egoten da ongarria eta elikagaien ikuspegitik aktiboen diren sustraien %80.
Arazoak dituzten mahastietan, lurren analisiek lagun dezakete landareak gutxi haztearen edo ekoizpen urria izatearen eragile izan daitezkeen gabeziak edo toxikotasunak diagnostikatzen. Komeni da “eremu kaltetutik” eta “eremu osasuntsutik” laginak hartzea oreken arteko alderaketak egiteko, balio absolutuak bezain garrantzitsuak izango baitira.
Lagina adierazgarria izan dadin, zenbait laginketa egingo dira mahastian. Lur kantitate handia hartuko da, nahastu eta lagin bat eratuko da 1 kg lur ingururekin.
Lur lagina behar bezala hartzeko, lehenbizi lursaila zonaldeetan banatu behar da. Horretarako, lurzoru, landaredi, malda, orientazio eta bestelakoen ikuspegitik itxura homogeneoa duen zati bakoitzeko zonalde bat izango dugu. Zonalde horiei laginketa unitate deritze. Arabako Errioxan ohikoena da mahasti bakoitzeko bi lagin hartzea, bata “gainaldean” eta bestea “sakonunean”, normalean aldea egoten delako mahastien mutur banatako gune horietan.
Lagin bakoitzerako hainbat puntutan hartuko da lurra; zenbat eta puntu gehiago, orduan eta hobe, hartutako lagina laginketa unitate bakoitzaren adierazgarri izan dadin. Gero, azpilaginak oso ondo nahastuko dira eta, horrenbestez, “gainaldeko” zenbait lekutako lurrez osatutako lagin bat eta “sakonuneko” hainbat lekutako lurrez osatutako beste bat izango ditugu.
Laginak aurrez identifikatuko dira, etiketa bat jarrita edo poltsan oharra jarrita. Amaieran, akats analitikorik ez badago eta hartutako azpilaginak behar bezala nahastu baditugu, aurrez lursaila zenbat zonalde homogeneotan banatu dugun, hainbeste analisi izango ditugu. Premisa horiek betez gero, analisien emaitzetatik laginketa unitate bakoitzaren eduki eta aberastasunen batez bestekoa lortuko dugu. Lehen jarritako adibideari helduta, “gainaldeko” eta “sakonuneko” datuak edukiko ditugu. Beraz, analisien emaitzek baieztatzen badituzte lurzoruaren heterogeneotasunari buruz ditugun susmoak, gomenda daiteke lursailaren zati bakoitzerako landaketa patroi desberdina erabiltzea, edo ongarriketari begira, ongarri mota bat gehiago kargatzea zona batean, bestean baino.
Hainbat saiakuntzak, besteak beste, berriki Ardo Etxean egindako batek, argi utzi dute garrantzitsua dela laginak behar bezala hartzea, emaitzak desitxura ditzakeen laginketa akatsik egin ez dadin.
Desiragarriena, baina normalean ezinezkoa dena, lagina sustrai gehienak egongo diren sakoneratik hartzea da. Oso sakonera handia izaten da hori mahatsondoaren kasuan, hainbat zeregin baititu: ura lortzea, lurzoruaren testura, txertaka, eta abar.
Landaketa berrietarako, profil osoaren lagina hartuko dugu, gainazaletik 50-60 cm-ko sakoneraraino, eta azaleren geratzen diren 5-7 cm-ak baztertuko ditugu. Ekoizten ari diren mahastietan, 45 cm ingurura iritsita nahikoa da, sakonera handiagoan ezin dugulako urteroko ongarritzearekin ia ezer egin, eta hain zuzen ere, hor garatzen dira sustrai aktibo gehienak.
Laginak plastikozko poltsa garbian sartuko dira, laborategira eramateko.
Foru Aldundiaren Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak lurzoru azterketak egiten dizkie hala nahi duten Arabako mahastizain guztiei. Ardo Etxean, urtero mahastietako lurren 1.000 analisi inguru egiten ditugu; Arabako mahastizainek zerbitzu honi ematen dioten balioaren erakusgarri da hori.
Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak Guardiako Ardo Etxean duen egoitzara etorri eta duten gogoa adierazi behar dute interesdunek. Behin hona etorrita, mahastizaintzako teknikariok behar den guztiari buruzko argibide zehatzagoak emango dizkizugu, eta ginbalet bat ere utziko dizugu, laginak errazago har ditzazun.
Laginaren etiketan, zure datuak idazteaz gain, honako hauek ere adierazi behar dira: herria, aurkintza eta lur lagina hartu den lurzatiaren Nekazaritza Lurzatiak Identifikatzeko Sistema Grafikoko (SIGPAC) datuak.
Ardo Etxean laborategietatik analisiak jasotzen ditugunean, mahastizainarekin harremanetan jartzen gara, eta aholku ematen diogu analisiak ematen duen informazioa oinarri hartuta.
Komeni da gutxienez 5 urtez behin mahasti bakoitzeko datuak edukitzea; batetik, laborantzaren ondorioz zer nolako bilakaera izan duen ikusteko; eta, bestetik, emandako elementuak laborearengatik eta mahats bilketarengatik galdutako elementuak baino gehiago badira, lurraren aberastasuna ikusteko, edo ongarritzea eskasa baldin bada lurraren urritasuna ikusteko.
Elikagai eskasia dagoela susmaraz dezakeen arazoren bat aurkitzen denean (landaredi ahula, horiztatzeak, gorridurak, hostoak behar baino lehenago erortzea, ihartze falta, uzta eskasak, gradu gutxi eta abar), aztertu egin behar da, lurzoruan jatorria izan dezaketen arazoak baztertzeko.
Hostoen analisiak
Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak, aholkularitza lanaren barruan, lurzoru analisiak egiteaz gain landare materialen analisiak ere egiten ditu.
Analisi horietatik lortutako informazioari esker, gabeziak edo toxikotasunak detekta daitezke landareetan. Analisi estandarretan honako hauen mailak zehazten dira: nitrogenoa, fosforoa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, burdina, manganesoa, zinka, kobrea, boroa eta sodioa.
Hostoen laginak hartzeko bi data dira gomendagarrienak:
- Loraldian
- Heltzen hasten denean
Arazoren bat izan dezakeen susmopean dagoen lurzatian hartu behar da lagina; eta, ahal izanez gero, aldi berean, inguruan dagoen barietate eta adin bereko mahasti osasuntsuen beste lurzati bat ere laginduko da.
Hostoak mahatsondoaren alde batean baino gehiagotan hartuko dira, eta hainbat lerrotan.
50 hosto inguru hartu behar dira, txorten eta guzti. Mahatsondoaren zein aldetatik hartu, lagina hartzeko unearen arabera erabakiko da:
- Loraldian: lehen mahats mordoaren aurkako hostoa
- Heltzen hasten denean: bigarren mordoaren aurkako hostoa
Laginak plastikozko poltsan sartuko dira, itxi gabe, edo zulodun poltsan edo paperezkoan, laborategira eramateko.
Laginak oso ondo identifikatu behar dira, eta lagina hartu den lurzatiaren edo lurzatien SIGPACeko datuak jarri behar dira.
Komeni da laginak lehen orduan hartzea, ahal dela jaiegunen aurreko egunetan ez, Ardo Etxean jaso bezain laster laborategira bidal daitezen.
Olibondoetan hosto analisiak egiteko laginak hartzea
(Oinarria: "Suelo, riego, nutrición y medio ambiente del olivar", Andaluziako Juntako Nekazaritza eta Arrantza Sailarena, ISBN 84-8474-137-0)
Lagina zein finkaren gainean hartuko dugun jakin behar dugu, eta komeni da hosto laginak barietate bereko olibondoetatik hartzea eta landaketako zuhaitz guztien adierazgarri izatea, baldin eta lurra erabiltzeko, ongarritzeko, ureztatzeko eta abarrerako sistema bera badute. Finka handia bada eta lurzoru motan, orientazioan eta abarretan aldeak badaude, lurzati bat baino gehiago ezarri ahal izango da irizpide horiek kontuan hartuta.
Laginketako lurzatiak ezarri ondoren, aztertu beharreko lagin bakoitzeko 100 hosto bildu behar ditugula kontuan hartuta egingo da.
Ahal bada, ez da laginik hartuko mugetan dauden zuhaitzetatik, ibilbide bat egingo da gurutzean, sigi-sagan eta abarretan, zuhaitz guztien lagina hartuko den edo zenbat (kop.) eta lagindutako zuhaitz bakoitzaren orientazio guztietako hostoak jasoko dira (iparraldea, hegoaldea, ekialdea eta mendebaldea).
Urtean garatutako hostoak soilik jaso behar dira, hazten ari den kimuko erdialdetik, erabat garatuak eta osoak (orria eta pezioloa), laginketa egiten duen pertsonaren begien parean dauden adarretatik, adar xurgatzaileen laginak hartzea saihestuz.
Ahal dela, uztailean bilduko dira laginak.
Hostoak paperezko poltsetan sartuko dira eta plastikozko poltsa baten barruan gordeko dira hozkailuan, aztertzeko egoera egokian egon daitezen.
Laginak entregatzea
Ardoaren Etxeko harreran entregatuko dira: Lapueblako errepidea z.g. 01300 Guardia (Araba). Bertan fitxa bat beteko da eskatzailearen eta lurzatiaren identifikazio datuekin, eta laginketa datarekin.
Azterketa oso bakoitzaren kostua 148,96 euro izango da, eta % 85eko deskontua izango dute zerga egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko, juridiko, erakunde eta gainerako antolakundeek.