Ureztaketak
Ureztaketak
Betidanik Arabako Foru Aldundia izan da autonomia erkidegoaren mailan Arabako Lurralde Historikoko ureztaketa kontuen garapen probintzialaz arduratu den eta hura sustatu duen toki administrazioa.
Arabako nekazaritza sektorearen eta Foru Administrazioaren arteko hurbiltasunak ureztatzaileen elkarte horien erreferentziarako eta laguntza ekonomiko zein teknikorako gune bihurtu du Arabako Foru Aldundia, haien ureztaketa lurrak hobetu eta mantentzeko jarduketak antolatu eta burutzeko eta gainerako administrazio publikoen aurrean eskaerak eta baimenak izapidetzeko.
Ildo horretan aipagarria da autonomia erkidegoko edo estatuko beste administrazio batzuekin, besteak beste Ebroko Ur Konfederazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, egiten den lana: Arabako ureztaketa izapidetu eta kudeatzea eta haren plangintza hidrologikoa egitea. Azpimarratzekoak dira, halaber, ureztatzaileen elkarteentzako aholkularitza eta elkarte horien eta aipatutako administrazioen arteko bitartekotza, lan horiek erraztu egiten baitituzte eremu ureztagarri baten modernizaziorako egin behar diren izapide luzeak eta kudeaketak.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak egiten duen lanak barruan hartzen ditu ureztaketaren munduarekin eta ureztatzaile elkarteekin zerikusia duten gaietan egin diren eta egiten ari diren jarduketak. Urteotan aldaketa garrantzitsuak gertatu dira nekazaritzako merkatuetan, ingurumen arloko legedian, energia baliabideetan edota tarifa elektrikoen ezarpenean.
Egoera zalantzatsu honetan, Arabako Foru Aldundiak, ur aurrezpena eta uraren erabileraren eraginkortasuna sustatu nahian, bere lan ildo nagusietako batean sartu ditu lehendik dauden ureztaketa lurren modernizazioa eta hobekuntza.
Horrez gain, azken urteotako lege aldaketak direla eta, ureztatzaileen elkarteak eskakizun berriei egokitu beharrean daude, batez ere presa eta urtegien segurtasunaren arloan.
Hori guztia ingurumen, ekonomia eta gizarte orekaren irizpideei loturik garatu behar da, eta indarra duen legediaren babesean; batik bat, Urari buruzko 2000ko urriaren 23ko Esparru Zuzentarau indardunaren babesean.
Uren inguruan indarrean dagoen legeria kontsulta daiteke Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren web orri ofizialean (www.chebro.es ).
Argitalpenak
Arabako ibarretako eremu ureztagarriko ureztaketa hobetu eta modernizatzeko 10/14 proiektuaren azterketa teknikoa. 1, 2, 3, 5, 6 eta 7 eremuak
ARABAKO IBARREN ETORKIZUNEKO IKUSPEGIA
Parte hartzearen eta gizarte diagnostikoaren prozesuaren emaitza.
ARABAKO IBARRETAKO EREMU UREZTAGARRIKO UREZTAKETA HOBETU ETA MODERNIZATZEKO PROIEKTUA. 1, 2, 3, 5, 6 eta 7 eremuak
ARABAKO LANDA EREMUKO UREZTAKETEI BURUZKO IKERKETA