Euskal administrazioek lehen sektorearekiko hartutako konpromisoen katalogoa
- Nekazaritza eta abeltzaintza
- Euskal administrazioek lehen sektorearekiko hartutako konpromisoen katalogoa
Dekalogoa
Euskal administrazioek lehen sektorearekiko hartutako konpromisoen katalogoa
Euskadiko lehen sektoreak aurrez aurre erronka handiak dituen une batean gaude, eta euskal administrazioek baldintzarik gabeko babesa berretsi nahi die lehen sektoreko pertsonei, eta egiten duten lanari.
Laguntza hori NPBk aurreikusten dituen tresnek eta jarduerek ahalbidetzen dutenaz harago doa; izan ere, bere garaian Euskadiko Nekazaritza Erakundeok eskatu genuen bezala, ez Bruselak, ez MAPAk, ez zuten aurreikusi eskualdeok geure plan estrategikoa izan genezakeenik. Plan estrategiko horri esker, jarduteko autonomia handiagoa eta kudeaketa hurbilagoa eta eraginkorragoa lortuko genituzkeen, gure lehen sektorearen eskaerei eta arazoei erantzuteko.
Azken 10 urteotan nekazaritza-politiken diseinuak eta kudeaketak izan duten birzentralizazioa Euskadiko nekazaritza-administrazioek sektorearen benetako beharrizanak sinplifikatzeko eta horiei erantzuteko behar dituzten esparruen kontrakoa da.
Dekalogo hau haiekin dugun konpromisoaren isla da; baserritarrek, egunero, lurra landu ez ezik, gure tradizioak bizirik mantendu eta gure etorkizuna bermatu ere egiten baitute.Gainditu behar dituzten oztopoak ezagutzen ditugu, eta, ondorioz, euskarri tinko eta laguntzailea izan nahi dugu, gure nekazaritzako sektorearen ongizatea eta aurrerabidea bermatzeko.
Honen bidez dei egiten dugu elkarrekin jarduteko, erronkak gainditzeko baterako ahalegina egiteko, eta euskal nekazaritza-sektorea oparotasun, errespetu eta babesaren sinonimo izango den etorkizunerantz aurrera egiteko.
Administrazio eskudunekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, Europako araudia bidezkoa, malgua eta Euskadiko errealitate espezifikoetara egokitua izan dadin, karga burokratikoa murriztuko duena eta erkidegoz kanpoko ekoizpenek Europako estandar berak betetzen dituztela bermatuko duena.
Helburua
Helburua da komunitateko araudia malgutzea, eskualde bakoitzeko errealitate bakoitzera hobeto egokitu dadin, neurriak modu mailakatuagoan ezartzea ahalbidetuz, laguntzak kudeatzean burokrazia murriztuz, eta bermatuz hirugarren herrialdeetako ekoizpenek komunitate barnekoen araudi bera betetzen dutela.
Berariazko konpromisoak
-
Europako agintaritzekin elkarrizketa: Estatuko bitartekarien bidez edo foro egokietan lan egitea, hala nola Eskualdeetako Batzordean, euskal lehen sektorearen berariazko eskakizunak Europar Batzordean aurkeztu eta defendatzeko.
-
Errekerimendu / eskakizunen aurrean konpentsatzeko mekanismoak ezartzea: Eskualdeko agintaritzei eskatzea, araudiak ezarritako eskakizun zorrotzagoen aurrean, laguntzetan igoera proportzionalak egotea.
-
Oinarrizko araudia berrikustea (NPB): Oinarrizko araudia berrikustearen alde egitea, eskualdeetako errealitatearekin koherenteak diren irizpideak ezartzeko, baimendutako nekazaritza-jardueretan malgutasunak txertatuz.
-
Salbuespenak eta gehieneko epeak: Araudian aurreikusitako betetze-epeak eta salbuespenak ahalik eta gehien aprobetxatzea, gure baserritarrek jasotzen duten karga arintzearren.
-
Ispilu-klausulak sustatzea: Hirugarren herrialdeetako inportazioak Europako ekoizleei exijitutako ekoizpen- eta jasangarritasun-estandar berberak betetzera behartzen dituzten ispilu-klausulak ezartzea sustatzea, lehiakortasun leiala bermatuz eta toki-ekoizpenaren kalitatea eta jasangarritasuna babestuz.
-
Ekoregimenak sailkatzeko eta aplikatzeko irizpideak berrikustea: irizpide teknikoak aplikatzean malgutasuna eskatzea, erregionalizazioari, gutxieneko azalerari, lugorri portzentajeari, ur-ibilguen mugei eta bermatutako gehieneko azalerari dagokienez.
-
Eremu digitaleko koadernoa malgutzea: Eremu digitaleko koadernoa ezartzeko egutegia sektorearen behar eta gaitasunetara egokitzea, inposaketa malkartsuak saihestuz. Adibidez, landa-koaderno elektronikoaren salbuespen-adina 55 urtera aurreratuz, edo eraginpeko ustiategien gutxieneko azalera 60 ha-ra handituz.
Lehen sektorerako laguntzen kudeaketa- eta izapidetze-prozesua sinplifikatu eta errazteko konpromisoa hartzen dugu, eskura dauden baliabideetarako sarbide bidezko eta efizientea bermatuz.
Helburua
-
Laguntzak kudeatzeari eta araudia betetzeari lotutako burokraziaren bidaian lehen sektoreari laguntza eraginkorra ematea bermatzea.
-
Laguntzak ordaintzeko epeak indarreko araudiak baimentzen duen gehien aurreratzea, gure lehen sektorearen likidotasunari eta finantza-plangintzari laguntzeko.
Berariazko konpromisoak
- Aurrez aurreko izapidetzea mantentzea: Lineako sistema pixkanaka txertatu bitartean aurrez aurreko izapidetze-sistema mantentzea, ekoizleek sarbidea dutela bermatzeko, teknologia digitalekin duten konfiantza alde batera utziz, sektore horretako pertsona aktiboen batez besteko adina kontuan hartuta ere, laguntza teknikoa indartuz.
- Landa-koaderno digitala erabiltzeko prestakuntza: Aurrez aurreko zein lineako prestakuntza ematea landa-koaderno digitala behar bezala betetzen irakasteko, bermatuz ekoizle guztiek arazorik gabe eskakizun berri guztiak bete ahal dituztela.
- Prozedura burokratikoak berrikustea: Abeltzaintzako gidekin, albaitaritzako sendagaien aginduekin, NPBren eskaera bakarrekin, dokumentu-erregistroen bateratzearekin eta abarrekin lotutako prozedurak ebaluatzea eta sinplifikatzea, nekazarien eta abeltzainen gaineko karga burokratikoa murrizteko. Hori guztia, sektore horri berariaz zuzendutako administrazio-sinplifikaziorako araudia garatuz.
- Sektore-egiturak egokitzea, sektoreari etorkizuneko erronketan laguntzeko.
Agintaritza eskudunen aurrean Elikadura Katearen Legea behar bezala aplikatzen dela lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, ekitatea, gardentasuna eta jasangarritasuna bermatuz elikadura balio-katearen katebegi guztietan.
Helburua
Elikadura Katearen Legea modu eraginkorrean berrikusten dela bermatzea, eta, gure eskumenen baitan, ezarpen propioa garatzea, gure eskumeneko tresnak sustatuz, hala nola Jardunbide Egokien Kodea eta Kostuen Behatokia.
Berariazko konpromisoak
-
Elikadura Katearen Behatokia garatzea: Jarraipen Batzorde baten bidez, administrazioko ordezkariak eta erakunde eta sektoreko erakundeak txertatuz, kateko begi guztiak hartuz, ekoizpenetik kontsumoraino, apirilaren hiruan argitaratuko den Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
-
Aldizka errentagarritasuna ebaluatzea: Euskal nekazaritza-ustiategien errentagarritasuna monitorizatzea, hobetzeko arloak eta esku hartzeko aukerak identifikatuz.
-
Katearen Legeari buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza: Katearen Legeari buruz sektoreak duen ezagutza hobetzeko ekintzaren bat aktibatzea, eta horren bidez operadoreei jardunbide egokiak hartzen eta legea betetzen laguntzea askotan nahi gabe egiten baitira ez-betetzeak (nagusiki, ordaintzeko epeak eta kontratuen erregistroa).
-
Sektoreko aholkularitza: Alderdi kritikoei buruzko aholkua eskaintzea, hala nola ekoizpen-kostuak eta nekazaritza-kontratuak, baserritarren kudeaketa- eta negoziaketa-ahalmena indartuz.
-
2024rako Kontrol Plana: Ikuskapenen kontrol ofizialen plana indartzea, araudia betetzen dela bermatzeko, eta zehapen-erregimen egokia aplikatzea, euskal Dekretuari eta indarreko araudiari jarraikiz.
-
Merkataritza-jardunbide egokien kodea: Euskadiko elikagaien kontratazioan merkataritza-jardunbide egokien kodea hartzea sustatzea, horrekin bat egiteari txertatuz sektoreko laguntza-neurriak, eta bidezko merkataritza-jarduerak bermatuz.
Nekazaritza-lurra babestu eta optimizatzean aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, lehen sektorerako eta ingurumen-jasangarritasunerako duen funtsezko balioa aitortuz.
Helburua
Nekazaritza-lurra kontserbatzea sustatzea, modu efiziente eta jasangarrian erabiltzen dela bermatuz, epe luzean nekazaritzako emankortasuna garantizatzeko.
Berariazko konpromisoak
-
Titulartasun publikoko lurrak kudeatzea: Nekazaritza-lurzoru publikoen nekazaritza-kudeaketa hobetzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren helburuekin bat eginez.
-
Sektoreko Administrazioen rola indartzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako eta Hirigintza Batzordean (EAELAB) sektoreko administrazioen eragina indartzea, nekazaritza-lurra babestu eta modu eraginkorrean erabiltzeko irizpide eta neurri koordinatuak sustatuz.
-
Lurren bitartekotza-sistema berrikustea eta indartzea: Lurzorua babesteko eredua berrikusiko da, Frantzian ustiategi berrietara bideratutako nekazaritza-lurren funtsa bultzatzeko garatutako SAFER sistema erreferentziatzat hartuta, Arabako Errioxan garrantzi berezia izan dezakeena.
Konpromisoa hartzen dugu ingurumeneko politikak nekazaritzako jarduerarekin harmonizatzeko, nekazaritzak ingurumena kontserbatzeko eta fauna basatiarekin elkarbizitzeko duen garrantzia aitortzen duen elkarrekiko ulermena sustatuz.
Helburua
Nekazaritzak eta abeltzaintzak oreka ekologikoan eta biodibertsitatean duten garrantziari buruzko sentsibilizazioa areagotzea, gizarte orokorrera zein organo eskudunetara zuzenduz, garapen jasangarriari egiten dioten ekarpena azpimarratzeko.
Berariazko konpromisoak
-
Otsoa BBEBEZ katalogotik ateratzeko eskaera: Juridikoki aztertuko da, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eskatuko zaio otsoa Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrenda katalogotik kanpo uzteko.
-
Lan-mahaia URArekin: Lan-mahaia bultzatzea Uraren Euskal Agentziarekin (URA), sektoreko eskaerei heltzeko.
-
Abeltzaintzako hondarren osoko kudeaketa: Abeltzaintzako hondarren kudeaketa jasangarria bideratzeko estrategia publikoak garatzea, ingurumen-inpaktua txikituz.
-
Mendi publikoetan belar-sastrakak garbitzen jarraitzea: Erabilera publikoko mendietan belar-sastrakak garbitzeko jardueren jarraipen eraginkorra ezartzea, biodibertsitatearen babesa bermatuta eta ganaduak gune horien erabilera jasangarria egingo duela bermatuta.
-
Ingurumen-sentsibilizazioko kanpainak: Gizarteari zuzendutako kanpainak egitea, nekazaritzak eta abeltzaintzak ingurumena zaintzen eta karbono-bilketa gutxitzen duten funtsezko egitekoaz are gehiago kontzientziatzeko gizartea.
-
Fauna basatiak eragindako kalteen osoko ebaluazioa: Abeltzaintza-ustiategietako kalteak ebaluatzeko ikuspegi integrala hartzea, aintzat hartuko dituena, batetik, otsoa bezalako espezieen zuzeneko erasoak, eta, bestetik, albo-ondorio esanguratsuak. Horren barruan sartzen dira abereen osasunean duen eragina, hala nola abortuak eta albaitaritza-arreta gehigarriaren beharra, bai eta gorabehera horiek ekoizleei eragiten dizkieten eragiketa- eta mantentze-kostuak handitzea ere. Gainera, kudeaketa murriztea eta ordainketak aurreratzea proposatzen da.
-
Zerbitzu ekosistemikoak. Erreforma fiskalari begira, zerbitzu ekosistemikoak sortzen dituzten nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-jardueretan onura edo kenkari fiskalak jasotzeko aukera aztertzea.
Nekazaritza-sektorea gaztetzeko konpromisoa hartzen dugu, gazte nekazari eta abeltzainen sarrera sustatu nahi dugu prestakuntzarako, aholkularitzarako osoko babesa eskainita eta baliabideetara sarbidea eskainita. Berariaz izango da aintza generoa puntu honetan, eta planteatutako konpromiso guztietan zeharkako presentzia eta lidergoa sustatuko dira.
Helburua
Belaunaldi-erreleboa sustatzea, lehen sektorea belaunaldi berrientzat erakargarria eta irisgarria izango dela ziurtatuta; horri esker, sektorearen epe luzerako jasangarritasunari lagunduko baitzaio.
Konpromiso espezifikoak
-
Belaunaldi-errelebo egoeraren ezaugarriak: Lurralde Historiko bakoitzean data-base bat sortzea, eta belaunaldi-erreleborik identifikatuta ez duten nekazaritzako ustiategiak identifikatzea.
-
GAZTENEK programa hobetzea: Prestakuntza-programak egokitu eta aberastea, sektorearen egungo beharrei heltzeko, nekazaritzako teknologietako, jasangarritasuneko eta enpresa-kudeaketako ezagutzak sartuta.
-
Aholkularitza indartzea: Nekazari gazteentzako aholkularitza-zerbitzuak areagotzea, orientazio pertsonalizatua eskainiz gai legal, tekniko eta ekonomikoetan.
-
Babes-mailen hazkundea: Nekazari gazteentzako laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak haztea, zenbatekoak lurralde historiko bakoitzeko errealitatera egokituta eta irizpide tekniko-ekonomikoetan oinarrituta.
-
Administrazioen arteko koordinazioa: Administrazioko mailen arteko koordinazioa hobetzea, belaunaldi-erreleboari eman beharreko babesa bateratzeko, laguntzen koherentzia eta ekitatea bermatuz.
-
Lehenengo instalazioak eta pertsona gazteenak lehenestea: Lehentasuna emateko lehenengo instalazioei eta pertsona gazteenei, laguntzak esleitu eta hartzerakoan.
-
Lurzoru publikoaren erreserba: Lurzoru publikoaren erreserba, nekazari gazteentzat; nekazaritza-jarduerak hasi behar dituztenentzat lurrak eskuratzea erraztea.
-
Mentore-programak: Mentore-programak ezartzea, nekazari gazteak eta esperientzia duten profesionalak harremanetan jartzeko, ezagutzen eta esperientziaren trukea sustatuz.
-
Teknologia eta berrikuntzarako sarbidea erraztea: Nekazari gazteek teknologia berritzaileetara eta nekazaritzako praktika jasangarrietara sarbidea izatea sustatzea, berariazko dirulaguntzen eta prestakuntza-programen bidez.
Laguntza-programa egonkorra ezartzeko konpromisoa hartzen dugu, programa hori moldakorra izango da gainera, eta nekazaritzako sektore bakoitzeko berariazko beharrei eraginkortasunez erantzungo die.
Helburua
Sektoreko eta lurraldeko errealitateetara egokituko den laguntza-sistema garatzea, finantza-euskarria eta euskarri teknikoa eskainita, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapen jasangarriari laguntzeko.
Konpromiso espezifikoak
-
Familia-ustiategiak lehenestea: Familia-nekazaritzaren Legea egitea, familiako ustiategietan babesa jarrita, landa-ehunean eta nekazaritzako paisaia kontserbatzen duten funtsezko egitekoa aitortuta.
-
Laguntza-moduluen berrikusketa: Gaur egun dauden laguntza-moduluak (inbertsioa, nekazaritza eta ingurumena, mendia…) ebaluatzea eta doitzea, sektoreen egungo beharrak isla ditzaten.
-
Administrazioen arteko koordinazioa: Eskumena duten administrazioen arteko koordinazioarekin jarraitzea, koherentzia eta ekitatea bermatzeko laguntzen zenbatekoan eta irizpideetan, azterketa tekniko-ekonomikoetan oinarrituta.
-
Laguntza bereziak: Krisi-egoerei erantzuteko laguntza bereziak artikulatzea.
-
Doitutako neurri fiskalak: Nekazaritzako sektorea babestuko duten neurri fiskalak ezartzea, kargak arinduta eta hobekuntzetan eta jasangarritasunean inbertitzea sustatuta.
-
Lur ureztatuak bultzatzea: Ureztatze-sistemen modernizazioa eta eraginkortasuna sustatzea, nekazaritzan uraren kudeaketa jasangarria babestuta.
-
Berrikuntza eta egokitzapen teknologikoa: Teknologia berritzaileen eta nekazaritza-praktika jasangarrien erabilera sustatzea, digitalizaziorako eta prozesuen automatizaziorako berariazko laguntzak eskainita.
-
Agroekologiaren sustapena: Ekoizpen ekologikoa babestea, dagozkion prestakuntza eta aholkularitza bermatuta.
Nekazaritzako aseguru-sistema indartzeko hitza ematen dugu, oinarrizko prebentzio-neurria baita, bereziki klima-aldaketaren ondoriozko erronkengatik, eta erabat geure gain hartzen dugu nekazaritzako aseguruen arloko konpetentzia transferentzia.
Helburua
Nekazaritza aseguruen konpetentziak Euskadira lekualdatzea eskatzea, eta horrekin, nekazaritzako aseguruen sistema hobetu eta egokitzeko lan egitea, estaldura handiagoa eta Euskadiko berariazko beharretara egokitua eskaintzeko, nekazaritzako sektoreak klima-ezbeharren eta bestelako arriskuetan duen erresilientzia indartuz.
Konpromiso espezifikoak
-
Nekazaritzako Aseguruen Mahaia sortzea: Elkarrizketarako foro bat ezartzea, administrazioko ordezkariekin, erakunde profesionalekin eta sektorekoekin, nekazaritzako aseguruen sistema aztertu eta Euskadiko berariazko errealitatera egokitzeko.
-
Babes-maila haztea: Euskal administrazioen finantza-laguntza handitzea, nekazaritza-aseguruetarako sarbidea errazteko.
-
Sentsibilizazioa eta prestakuntza: Nekazari eta abeltzainentzako sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak ezartzea, nekazaritzako aseguruei buruz eta beren beharrentzako estaldurik egokiena aukeratzeari buruz.
Nekazaritzaren sektorean berrikuntza eta teknologia aurreratuen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, landatzeko teknika berriak dituzten proiektuak babestuz, baliabideen kudeaketa jasangarria eta prozesuen digitalizazioa babestuz, sektorearen eraginkortasuna, lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko eta, ondorioz, profesionalen bizi-kalitatea ere bai.
Helburua
Nekazaritza-sektorean berrikuntza teknologikoak eta praktika jasangarriak sustatzea, ekoizpena hazteko eta ingurumen-inpaktua txikitzeko, merkatuko aukera berriak irekiz eta nekazaritzako langileen bizi-kalitatea hobetuz.
Konpromiso espezifikoak
-
Doitasunezko nekazaritza sustatzea: Doitasunezko nekazaritzaren erabilera sustatzea, baliabide naturalen kudeaketa eraginkorragorako eta ustiategien etekinak hobetzeko.
-
Digitalizazio-proiektuei babesa: Azaleratzen ari diren teknologiak nekazaritzan eta abeltzaintzan sartzea xede duten proiektuentzako finantzaziorako eta aholkularitzarako sarbidea eskaintzea.
-
Teknologia berrietan prestakuntza: Egokitzapenerako eta etengabeko prestakuntzarako programak eskaintzea, sektorean teknologia aurreratuak erabiltzeari buruz, doitasunezko nekazaritza, automatizazioa eta datuen kudeaketa barne.
-
Azpiegitura teknologikoen garapena: Landan teknologia aurreratuak ezartzeko beharrezko azpiegiturak sortu eta hobetzen inbertitzea, landa eremuetan Interneterako konexioa izatea, esaterako.
-
Teknologia erabiltzen hasteko pizgarriak: Pizgarri ekonomikoak eta fiskalak ezartzea berrikuntza teknologikoak eta praktika jasangarriak beren prozesuetan sartzen dituzten nekazaritzako ustiategientzat.
Euskadiko lehen sektorea indartzeko konpromisoa hartzen dugu, bermatuz ahots indartsu eta tinkoa duela Euskadiko administrazio-egituraren barnean.
Helburua
Helburu nagusia da Euskadin lehen sektoreak duen garrantzia aitortzea, euskal administrazioko gainerako sail eta kontseilaritzekin negoziatzeko ahalmen erreal eta eraginkorra emanez.
Berariazko konpromisoak
-
Euskal administrazioen eta sektoreko erakunde ordezkarien artean gobernantza-esparru iraunkor eta dinamikoa ezartzea, foro egituratzaile gisa Nekazaritza eta Elikadura Politikako eta Landa Garapeneko batzordeak erabiliz.