Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenen katalogoa - araba
- Nekazaritza eta abeltzaintza
- Mahastizaintza
- Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenen katalogoa

Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenen katalogoa
Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenen katalogoa
Katalogoari buruzko informazioa
Mahasti zaharrak funtsezkoak dira Arabako Errioxako mahastien ekoizpenean; izan ere, neurri handi batean, Errioxa Jatorrizko Deituraren gainerakotik bereizten da ezaugarri horregatik. Gainera, mahasti horiek natura balio handiko nekazaritza sistemak dira; material genetikoak eta biodibertsitatekoak bizirik irauteko gordailu bikainak dira, landareak oso egokituta baitaude naturaren beraren eta klimaren baldintza kontrakoen aurrean. Era berean, oro har, landatartasuna, ekoizkortasun txikia eta dibertsitate handia ezaugarri dituzten mahasti horiek sekulako garrantzia dute kalitate bereiziko ardoak egiteko. Beraz, beste arrazoi bat dago halako mahastien iraupenari eusteko eskualdean.
Azken batean, antzinako mahasti horiek, paisaia tradizionalaren eta Arabako Errioxako berezko nekazaritza sistema horien oinarrizko osagaiak, biodibertsitatea sortzen dutenak eta kalitate handieneko ardoak ekoizten dituztenak, ekologiaren, historiaren eta paisaiaren ikuspegitik duten balioagatik, natura eta kultura ondare gisa kontserbatzea merezi dute.
Kontserbatzea merezi duten mahastiak babesteko agindua betetze aldera, Foru Gobernuaren 25/2026 Foru Dekretua onetsi da. Bertan, haiek arautzeaz gain, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren eskumenekoak diren eta mahastien ondare mehatxatu hori katalogatzea ahalbidetzen duten neurriak ezartzen dira, gizartearen ondare gisa legitimatzeko eta hura babesten laguntzeko tresna dela; hala, bateragarri egingo du mahasti horien baliabideen aprobetxamendu antolatua eta mahastion ekologia, zientzia, estetika, kultura eta hezkuntza balioak edo bestelako balioak kontserbatu edo berreskuratzea.
Foru dekretu honen xedea da Arabako Lurralde Historikoko Mahasti Nabarmenen Katalogoa administrazio izaerako erregistro publiko gisa sortzea, eta bertan jasoko dira, Arabako Lurralde Historikoan dauden eta balio nabarmenak izateagatik kontserbatzeko interesa duten mahastiak edo mahatsondoak. Mahastiak edo mahatsondoak Arabako Lurralde Historikoko Mahasti Nabarmenen Katalogoan jaso behar diren erabakitzeko faktore erabakigarriak izango dira antzinatasuna, kontserbazio egoera, biodibertsitatea, berezitasuna, lantzen diren barietateak eta ahalmen enologikoa, bai eta zenbait balio osagarri ere: historia, mahastian dauden elementu arkitektonikoak edo arkeologikoak, eta kokalekua.
1978ra arte (urte hori barne) landatutako mahastiak katalogatu daitezke, eta 25/2026 Foru Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera, kategoria hauetan sailkatzen dira:
- Mahasti monumentalak
- Mahasti apartak
- Mahasti nabarmenak
- Mahasti zaharrak
2026. urtean mahastiak katalogatzeko sarbidea
- 2025ean jada katalogatutako mahastiak dituzten ustiategiak:
2025ean katalogatutako mahastiak automatikoki sartuko dira 2026ko Katalogazio Aginduan katalogatutako mahastietan. - Mahasti zaharraren laguntzaren esparruan 2025ean mahastiak eskatu zituzten ustiategiak.
Ustiategi horiek automatikoki katalogatuta izango dituzte 1979a baino lehenagoko mahastiak, Arabako Mahastien Erregistroan inskribatutako ezaugarrien arabera. - 2025ean mahasti zaharraren laguntza eskaerarik aurkeztu ez zuten eta 2025ean mahasti katalogaturik ez duten interesdunak.
Kasu horretan, beren mahastiak katalogatu nahi badituzte, alta/aldaketa inprimakiaren bidez ere aurkeztu beharko dute beren katalogazio eskaera. - Katalogazio eskatzaile guztientzat: 25/2026 Foru Dekretuak mahasti bakoitza katalogatzeko kontuan hartzen diren parametroak ezartzen ditu. Interesdunak mahastiari buruzko informazio gehigarria eman dezake, mahastiaren karakterizazioa hobetzeko, lortutako kategoriak errealitate horri erantzun diezaion. Informazio hori katalogazio eskaeraren alta/aldaketa egiteko inprimaki honen bidez aurkeztu behar da.
Katalogazio aginduak 2025ean
2025ean, bi katalogazio agindu argitaratu ziren: 377/2025 Foru Agindua eta 350/2025 Foru Agindua. Agindu horien ordez, beste agindu bat emango da 2026an, eta agindu hori Arabako Lurralde Historikoko Mahasti Historiko eta Nabarmenen Laguntzaren deialdia argitaratu aurretik argitaratuko da.
Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenen katalogoan dauden mahastien kontserbazioa eta mantentzea sustatzeko laguntza espezifikoa.
2026tik aurrera, mahasti zaharren laguntza (2025era arte zegoen) eta mahasti nabarmenen laguntza (2025ean) laguntza berri batean batuko dira: Arabako Lurralde Historikoko mahasti historiko eta nabarmenetarako laguntza. Iazko mahasti nabarmenen laguntzaren filosofiarekin jarraituz, laguntza berri hori jaso dezaketen mahastiek aldez aurretik katalogatuta egon behar dute. Beraz, laguntzaren zenbatekoa katalogoaren barruan lortutako kategoriaren arabera aldatuko da. Mahastiak foru agindu baten bidez katalogatzen dira.
Laguntzaren oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratzeke dagoen foru dekretu berri batean ezarriko dira.