Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordea
Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordea
Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, bakoitzak bere lurraldean, zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena izango dute. Horrela ezartzen da-eta Ekonomia Ituneko 1. artikuluan.
Euskal Autonomia Erkidegoarekin sinatutako Ekonomia Itunak "lotura-puntua" kontzeptua darabil, zerga bat ordainaraztea zeini dagokion ezartzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei ala Estatuari.
Oro har, lotura-puntuak aplikatzeak ez du dudarik planteatzen, baina aparteko kasuetan baliteke interpretazio-desadostasunak sortzea, eta horiek gatazkak ekartzea, ez bakarrik Estatuaren Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunen artean, baizik eta baita azken horien eta autonomia erkidego baten artean ere. Gatazka eta desadostasun horiek konpontze aldera, Ekonomia Itunaren III. Kapituluko 3. Sekzioak Arbitraje Batzorde bat egotea aurreikusten du.
Arbitraje Batzordeak hiru kide ditu; horien izendapena Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabakiko du (III. Kapitulua, 1. Sekzioa) eta Ekonomia eta Ogasun ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuak formalizatuko.
2008ko apirilaren 4an osatu zen.
Arbitraje Bartzordeko kideak itzal handiko adituak izan behar dute, zergen edo ogasunaren arloan lanbidez aritutakoak hamabost urtean, gutxienez.
2014ko maiatzaren 12ko Ogasun eta Finantzetako sailburuaren Aginduaren bidez eta Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren maiatzaren 30eko HAP/889/20014 Aginduaren bidez, 2014ko urtarrilaren 16ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak adostu zuen egungo eraketa, eta honako hau da:
- Presidentea: Gabriel Casado Ollero
- Batzordekidea: Isaac Merino Jara
- Batzordekidea: Francisco Javier Muguruza Arrese
Arbitraje Batzordeko idazkaria ez da batzordekide izango, eta baldintza hau bete beharko du: Estatuko Administrazioaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen edo foru aldundien zerbitzura dagoen langilea izatea, eta idazkaria hiru urterako izendatuko da. Gaur egun idazkaria Estatuaren administrazioaren zerbitzura dagoen langile bat da.
Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordearen egoitza Gasteizen dago.
- Olagibel kalea 7 zk.- 01004 Gasteiz
- Telefonoa: 945 124 124
- Email: juntaarbitral@correo.aeat.es
Arbitraje Batzordea Estatuko Administrazioaren eta foru aldundien artean edo foru aldundien eta edozein autonomia erkidegotako administrazioaren artean zerga arloan sortzen diren auziak eztabaidatzeko eta ebazteko organo bat da. Hona hartzen dituen gaiak:
a.1) Zerga itunduen lotura puntuen aplikazioa. ("Lotura puntua" kontzeptua Ekonomia Itunean erabiltzen da hauek erabakitzeko: zer araudi -estatukoa ala forukoa- aplikatu behar den eta zein administraziori esleitzen zaion errendimendua edo eskumena itundutako zerga jakin bat ordainarazteko).
a.2) Administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehaztea, Sozietateen gaineko zerga edota Balio erantsiaren gaineko zerga administrazio bati baino gehiagori ordaindu behar zaionean. (Ekonomia Itunak ezartzen du zeini ordaindu behar dizkion zergak enpresak: administrazio bati bakarrik edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoari eta beste bat Estatuko Administrazioari. Bigarren kasua izatekotan, Itunak arauak ezartzen ditu lurralde bakoitzean zorraren zer portzentaje sartu behar den finkatzeko).
b) Banako zerga harremanetako arazo zehatzetan Ekonomia Ituna interpretatzea eta aplikatzea.
c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.
Ekonomia Ituna
Arbitraje Batzordearen arautzea Ekonomia Ituneko III. Kapituluko 3. atalean dago: 65. artikulua (Kideak), 66.a (Eginkizunak) eta 67.a (Arbitraje Batzordearen erabakiak).
Bestalde, 66.2 artikuluak gatazkak ebazteko prozeduraren arau bidezko garapena aurreikusten du, eta aurreikuspen hori bete egin da Arbitraje Batzordearen araudia onartuz.
Araudia (testu bateratua)
Arbitraje Batzordearen funtzionamendu-, antolamendu- eta prozedura-arauak bi administrazioek (Estatukoak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak) Ekonomia Ituneko 2007ko uztailaren 30eko Batzorde Mistoan onartutako araudian daude.
Arbitraje Batzordearen Araudia abenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen (14. zk.ko BOE, 2008ko urtarrilaren 16koa), eta ondoren, maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez (EBO 130. zk.ko BOE, 2014ko maiatzaren 29koa).
Ekonomia Ituneko 67. artikuluak (Arbitraje Batzordearen erabakiak) honako hau ezartzen du: "Arbitraje Batzordeak Zuzenbidearen arabera ebatziko ditu espediente bakoitzak agerian jartzen dituen auzi guztiak, exekuzio formulak barne direla, berdin da auzi horiek gatazkako alderdiek edo interesatuek aurkeztutakoak izan edo ez; eta ebazpenetan ekonomia, arintasun eta eraginkortasun printzipioen arabera jardungo du."
Eraginkortasuna eta errekurtsoak
Gatazkan dauden zerga-administrazioei eta eragindakoei ebazpena jakinarazi ondoren, administrazioek gauzatu beharko dute ebazpenean bertan aurreikusitako eran.
Arbitraje Batzordearen akordioak, izaera betearazlekoak izanik ere, bakarrik administrazioarekiko auzi-bidean errekurritu ahalko dira, Auzitegi Goreneko dagokion salaren aurrean.