Ekialde Ertaineko krisiaren ondoriozko egoera ekonomikoari aurre egiteko zerga zorrak zatikatzea, salbuespenez

Nork eska dezake ordainketaren zatikatze hori?

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak, hau da, autonomoak eta BEZetik salbuetsita ez dauden eta BEZari lotuta dauden higiezinen errentatzaileak. .

Mikroenpresak eta enpresa txikiak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 13. artikuluaren arabera.

 

Zeintzuk dira zatikatze eskaera horren xede izan daitezkeen zorrak?

Hileko edo hiruhilekoko zerga autolikidazioetatik datozen zorrak, baldin eta borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epea 2026ko apirilaren 20tik 2026ko uztailaren 20ra bitartean amaitzen bada, honako zerga hauetatik eratorritakoak izan ezik: jokoaren gaineko zerga, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga, fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga, sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga.  

 

Zein ordainketa baldintza ditu zatikatze berezi horrek?

Neurri honen xede diren zorrak bi hilabetez geroratuko dira, berandutze interesik sortu gabe eta bermea eskatu gabe, aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea amaitzen denetik aurrera.

Geroratze aldi hori amaitutakoan, zerga zorrak lau kuotatan zatikatuta ordaindu beharko dira lau hilabetetan, berandutze interesik sortu gabe eta bermeak eskatu gabe. 

Lehenengo kuotaren epemuga geroratze aldia amaitu ondorengo hilaren 10ean izango da.
 

 

Zer dokumentazio behar dut zatikatze berezi hori eman diezadaten?

Ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu behar, ezta bermerik ere, eskaera egiterakoan. Helbideratzeko banku kontua adierazten duen eskabidea aurkeztea, besterik ez.

 

Nola eska dezaket zatikatze berezi hori?

Autolikidazioak telematikoki aurkeztu behar badituzu, zatikatze berezi hori eskatzeko aukera izango duzu, hura egiteko dagoen laguntza programaren bidez.

Zure autolikidazioak on-line aurkeztea erabakitzen baduzu, zatikatze eskaera berezia Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan dagoen zatikatze zerbitzuaren bitartez aurkeztu beharko duzu.

Hala ere, autolikidazioak telematikoki aurkeztera behartuta ez bazaude, nahikoa da hemen klikatuz lortzen den eskabidea betetzea eta zure autolikidazioari eranstea Arabako Foru Ogasunaren bulegoetan aurkezteko (aurretiko hitzordua eskatu behar da).

 


Araudia